Eskema Gamesen Delta Squad bideo-jokoa soilik Steamen aurkitu daiteke euskaraz. Gabriel Fiallegas garatzaile euskaldunak egin du itzulpena.

Valentziako Eskema Games garatzaileek Delta Squad bideo-jokoa euskaraz argitaratu dute Steamen. 2019ko maiatzan merkaturatu zen jokoak eguneraketa bat izan du eta euskara hizkuntza bezala gehitzeaz gain beste itzulpenetan zuzenketak egin dituzte, hala nola akats batzuk konpodu eta lokalizazioak hobetu.

 

 Garatzaileek adierazi dutenez, soilik Steamen erosiz gero euskaraz jolastu ahal da. Hau da, Nintendo Switch, Xbox eta Play Stationetako bertsioetan euskara ez da hizkuntz aukera bat. Bideo-jokoaren prezioa 4,99 eurokoa da.

Oharra: Steameko fitxan hizkuntzen artean euskara ez da agertzen, baina instalatu ondoren euskara hautatu daiteke. Steamek ez du euskara zerrenda horretan jartzeko aukera ematen nahiz eta jokoa euskaraz baliagarri egon.

Delta Squad aireko bistan oinarritutako akziozko shoot em up bideo-jokoa da. Militar talde bat da protagonista eta beraien helburua Rumanovsky generalak hedatutako birus mortala gelditzea da.

Old school bideo-jokoetan inspiratuta dago, baina grafikoei gaur egungo itxura eman diete. Bideo-jokoak kooperatibo lokalean jolasteko aukera ematen du, gehienez lau jokalari elkartuz.

Eskema Games Alejandro Pérez garatzaileak ireki zuen 2018an. Aurretik, UFO Crash Games enpresarekin FullBlast bideo-jokoa argitaratu zuten. Berez, Delta Squad FullBlasten jarraipena da. Eskema Gamesek bideo-joko berri bat prestatzen ari da, Space Revenge.

Gabriel Fiallegas garatzaile euskaldunak Delta Squaden parte hartu du eta bera izan da bideo-jokoaren itzultzailea.

2020ko hasieran Gabriel Fiallegasek Eusplay youtube kanalean bideo-jokoak euskaratzeari buruzko hitz egin zuen eta Eskema Gamesen jokoei buruzko informazioa tartekatu zuen.