Eguneraketak izaki beldurgarriak eta bertan behera utzitako espazio ontziak gehituko dizkio Hello Gamesen jokoari.
No Man’s Skyren unibertsoa hedatzen jarraitzen dute Hello Gameseko garatzaileek. Orain gutxi plataformen arteko jokoa ahalbideratu ondoren, abentura jokoak Desolation deitutako eguneraketa jaso duela iragarri dute arduradunek.
Beldurrezko joko eta filmen bidea jarraitu dute Desolationekin: espazioan bertan behera utzitako ontzi erraldoiak eta izaki misteriotsu zein beldurgarriak dira eguneraketa berriaren ardatzak.
Horiek esploratzea eta bertan aurkitzeke dauden material baliotsuak lortzea izango da jokalariaren betebeharretako bat. Leku beldurgarri horietan bakarka ibili gabe, beste jokalari batzuekin batera esploratu ahalko dira.
Kokaleku berriak ere prozeduralki sortutakoak izango dira, eta “ez ditugu berberak diren bi leku aurkituko”. Espazio ontziek kontatzeko dituzten istorioak ere halakoak izango dira: bakoitzak bere kontakizun propioa edukiko duela agindu dute garatzaileek.
Espazio ontzi beldurgarriekin batera eguneraketak hainbat hobekuntza ekarri ditu. Atal grafikoarekin harreman zuzena dituztenak nabarmendu dituzte Hello Gamesekoek: argiztatze bolumetrikoa, bloom efektuak eta lens flare efektuak hobetu dituzte. Borrokek eta beste hainbat atalek ere aldaketak jasan dituzte. Guzti horiek bideojokoaren webgunean zehaztu dituzte.
Desolation dagoeneko eskuragarri dago; dohainik kaleratu dute. No Man’s Sky PC, PS4 eta Xbox Onean jokatu daiteke.
Iruzkinak