Ekainean Monument of Triumph espantsioa argitaratu zuten, DLC berria alboratuko zituztela adierazita.
Bungie Destiny 2ra itzuliko da. Bungieren hurrengo atala izeneko argitalpenean aldarrikatu dutenez, sagarekin “bukatu gabe” dabiltza estudiokoak.
Tiro joko multijokalariaren eduki berriak garatzeari utzi ziotela adierazi zuten maiatzean: ekaineko Monument of Triumph izan behar zen, hain zuzen, titulu arrakastatsuaren azken DLC handia. Publikoaren erantzuna “indartsua” izan dela diote testuan, kritikak ugariak izanik; horren ondorioz, Destiny bere “jatorrizko promesarengana” bueltatzeko asmoa iragarri dute.
Eman beharreko lehen pausoa “jokalariek egun ezin goza ditzaketen D2ren istorioko atal garrantzitsuak berrezartzea” da. Izan ere, jokoaren lehen ataletako batzuk ezabatu zituzten, eduki eta istorio berriak heldu ahala. Erabakiak kritika latzak eragin zituen jokalarien komunitatearen artean, askorentzat, hasiberrientzat jokoa gomendaezina bilakatuta, narratiba ulertzeko zein jokoaz gozatzeko ezinbesteko zatiak zirela aldarrikatuta.
Kanpainak, kokalekuak zein erasoak jokora itzuliko direla diote, D2ren jokalari guztientzat. Halere, edukiok berrezartzea ez omen da “fitxategi zaharrak berreskuratzera” mugatzen. Beyond Light edukitik aurrera inplementatutako aldaketek denetariko hobekuntzak eskatzen dituzte eduki originalarentzat: egin beharreko lanak “denbora eramango duela” azaldu dute egileek.
Horren ostean prestatzeke daudenak zehaztu gabe utzi dituzte. Zaharberritzea istorio eta joko berriak sortzerakoan ezartzeko oinarriaren “lehen pausoa” omen da; datozen hilabeteotan are berri gehiago entzungo ditugu garatzaileen aldetik.
Esandakoak kontuan hartu arren, taldea ez da bere unerik onenean aurkitzen: ekainean ia 300 langile kaleratu zituen Bungiek, Destinyren taldea osorik deseginda.
“Marathon ez da ordezkoa”
Bungieren etorkizunari, edo, behintzat, orainari buruz hitz egiterakoan, Marathon bai ala bai aipatu beharrekoa da. Martxoan iritsi zen ateratze tiro jokoa, askotariko balorazioak bilduta: egileen hitzetan, estreinaldian kritikaren oniritzia jasotzea lortu zuten, baina ez dira aurreikusitako jokalari kopuruarengana iritsi.
Urrian zein abenduan eduki gehigarri handiak jasoko ditu tituluak —Nightfall Refresh eta Symbiosis eguneratzeak, hurrenez hurren—; tartean, jokalari mota guztientzat zuzendutako modalitateak aberasten jarraituko da, PvPvE, PvE kooperatiboa nahiz PvP lehiakorra elikatuz.
Laburbilduz, Destiny nahiz Marathon bateragarriak ei dira Bungierentzat. Bide hori betetzeko prest ote dauden, eta baliabide nahikoa dituzten ikusteke geratzen zaie jarraitzaileei.
Lander Unzueta
Iruzkinak