Datorren hileko 24tik 26ra bitartean abiatuko dute PC-an zein kontsoletan. Blizzard-en titulua ekainaren 23an kaleratuko da.
Diablo zaleek laugarren atalera jokatzeko aukera edukiko dute jokoa argitaratu aurretik. Activision Blizzard-ek jakitera eman duenez, Diablo IVren beta irekia egingo dute martxoan.
Zehazki, martxoaren 24tik 26ra jokatu ahalko da ARPG ezagunaren laugarren atalera. Beta PC-an, nola ez, zein Xbox Series, Xbox One, PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan eskainiko dute.
Jokoaren sarrera zein lehenengo ekitaldia bilduko ditu betak: Fractured Peaks kokalekua bere osotasunean esploratuko dugula agindu dute garatzaileek. Ziegetako sekretuak batuko, bizilagunek proposatutako misioak beteko eta, zelan ez, gure pertsonaiak hobetzeko baliabideak eta ekipamendua bilduko ditugu.
Beta irekia, baina, ez da izan Blizzardekoek iragarritako bakarra; izan ere, martxoaren 17tik 19ra bitartean bideojokoa erreserbatu dutenentzako beta itxia ere burutuko dute. Ez da halakoak egiten dituzten lehen aldia: aurretik ere hainbat beta itxi prestatu dituzte erosleentzat.
Jatorriz 2022rako aurreikusita, 2021ean bideojokoaren argitalpena berandutzea erabaki zuten Activision Blizzardekoek. Ordutik hona zenbaitetan hitz egin dute bideojokoaren garapenaren inguruan, prestatu dituzten mekanikak, grafikoak zein bestelako ezaugarriak nabarmentzeko.
Aurreko atalen oinarri berberak proposatzen ditu laugarrenak: pertsonaia mota bat hartu eta abilezien zuhaitz erraldoia eraldatzen joanda espezializazio desberdinak prestatuko ditugu. Ziegetan sartuta dozenaka etsairen aurka ibiliko gara sekulako sarraskietan parte hartuta.
Zorionez, beta igaro ostean ez dugu askorik itxaron beharko behin betiko bertsioa jasotzeko. Diablo IV ekainaren 23an estreinatuko da arestian aipatutako plataforma guztietan.
Iruzkinak