Blizzard-en ARPG ezaguna Battle.net eta Xbox plataformetatik ateratzera ausartuko da PCan.

Activision Blizzardek —eta ondorioz, Xboxek— Steamera igarotzen jarraitzen dute. Diablo IV izango da taldeak plataforman kaleratuko duen hurrengo titulua: urriaren 17tik aurrera jokatu ahalko da bertan.

Ordenagailuetan jokatu nahi zutenek Battle.net zein Xbox plataformen bidez eskuratu behar zuten orain arte. Jokoaren fitxa ofiziala publiko egin dute jada plataforma berrian; horrela, desiratuen zerrendara gehitzeko aukera dute interesatuek.

Steamen estreinatzeak ez du suposatuko Battle.netetik guztiz askatzea, baina: jokoa abiarazteko orduan Blizzardekoen plataformako erabiltzailea eduki beharko dugu nahitaez.

Arduradunek azpimarratzen dutenez, jokoaren online funtzionalitateak behar bezala erabiltzeko beharrezkoa da: gainerako plataformetan ere gauza bera eskatzen dute, adibidez, plataforma arteko jokoa edo crossplay-a ahalbidetzeko..

Hala ere, Valveko plataformako zenbait ezaugarri bereganatuko ditu Diablo IVk: lorpenak eta lagunei luzatzeko gonbidapenak, besteak beste.

 

Odol sasoia

Urrian Steamen estreinatzeaz gain, eduki berriak jasoko ditu ARPG ezagunak: Season of Blood deitutako bigarren denboraldian etorriko dira. Misio nagusi berria gehituko du, baita desblokeatzeko botere banpiriko sorta ere. Bost etsai nagusi ikusiko ditugu, bukatzeko, abentura osteko edukien artean.

Berritasun guztiak hemen zehaztu dituzte.

Diablo IV Steamen estreinatuko den bigarren Blizzard jokoa izango da: abuztuaren 10ean Overwatch 2 Valve-koen saltokian argitaratu zuten.

Aipatu modura, urriaren 17an helduko da Diablo IV Steam plataformara.