Ez da RPGak azken hilabeteetan izandako hutsune bakarra: gidoilari nagusia eta sormen zuzendaria jokoaren garapenetik kanpo geratu ziren abuztuan.
Vampire: The Masquerade – Bloodlinesen jarraipenak beste hutsune bat jasan du bere garatzaile taldearen baitan. Cara Ellison diseinatzaile narratiboak Hardsuit Labs utzi egin du League of Geeks estudioan lan egitera igarotzeko.
Berria ez da ustekabekoa izan. PCGamerretik adierazi dutenez azken asteetan Ellisonek Bloodlines 2ren eta Hardsuit Labsen aipamen guztiak ezabatzen joan da bere sare sozialetatik.
League of Geeksek albistea eman ondoren, Paradox Interactiveko komunikazio arduradun batekin jarri dira harremanetan webgunekoak. “Cara Ellisonek Hardsuit Labs utzi eta Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2ren garapenetik kanpo geratu dela baieztatu dezakegu”, azaldu du.
Oraingoan bereizketa modu positiboan gertatu dela dirudi. Izan ere, joan den abuztuan Bloodlines 2ko Brian Mitsoda gidoilari nagusia eta Ka’ai Clune sormen zuzendaria kaleratu egin zituzten ustekabean. Mitsodak adierazi zuenez erabakia “ezustean” hartu zuten jokoaren arduradunek, jokoaren gidoian bost urtez lanean eman ondoren.
Paradox Interactivek urrian iragarri zuen Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2 2021era atzeratzeko erabakia. Ikusteko dago bideojokoaren garapenak martxan jarraitzen duen eta aurreikuspenak betetzera helduko diren.
Oraingoz, banpiroen RPGa datorren urteko zehaztu gabeko egun batean estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox Onerako.
Iruzkinak