PC, Xbox, Android eta iOS bertsioek jaso zuten Beñat Ramosen euskaratze ofiziala apirilean. Biziraupena, kudeaketa eta akzioa batzen ditu indie titulu arrakastatsuak.

Bippinbits estudioak eta Raw Fury argitaletxeak Dome Keeper PlayStation 5 eta Switch kontsoletara eramango dutela jakinarazi dute. Abenduaren 14an iritsiko dira bi bertsioak, euskarazko testuak ofizialki eskainita.

Apiriletik joka dezakegu PC eta Xbox bertsioetan gure hizkuntza erabilita; izan ere, Beñat ‘Katukinabarra’ Ramos zaleak Bippinbitsekin bat egin zuen jokoa euskaratzeko eta ofizialki inplementatzeko. Beranduxeago, Android eta iOS bertsioak ere ikusi genituen euskarazko testuekin. Egindako lanak jarraipena edukiko du, beraz, PlayStation eta Nintendo gailuetara iritsita.

Espaziotik sakabanatutako planetetan lurreratuta, minatzea helburu duen langilea kontrolatzea da Dome Keeperren jokalarien helburua. Lurrazpian barneratuz meatzea osatzen joango gara, baliabide desberdinak bilduz, partida bakoitza bukatzeko planetatik alde eginez.

Ez da horren erraza izango, baina: lurrazalean munstro estralurtarrek erasoko digute, gure babeslekua osatzen duen kupula suntsitu nahian. Meatze lanetan gabiltzala, basera itzultzea eta hau defendatzea nahitaezkoak izango dira bizirik jarraitzeko, kupulako armak eta tresnak erabilita. Gure pertsonaiaren abileziak nahiz kupula hobetzeko baliabideak ere jasoko ditugu, partidak aurrera egin ahala datozen erronkei aurre egiteko gai izateko.

Horrela, biziraupena, kudeaketa eta dorre defentsa mekanikak biltzen ditu jokoak. Azken hilabeteotan berrikuntza ugari jaso ditu bideojokoak: apirileko gaurkotze handiarekin multijokalari modalitateak ofizialki inplementatu zituzten egileek, tokiko nahiz plataforma arteko sareko joko mota lehiakorrak zein kooperatiboak prestatuta.

Game Erauntsian analisia argitaratu genuen, Godot garapen motorearekin sortutako obra interesgarria zela nabarmenduz:

Ezin dezaket esan Dome Keeperrek guztia maisukiro egiten duenik, ezta gauza bakar bat ere… baina ordu luze batzuez ikaragarri gozatu dut Bippinbits estudioaren jokoaz. Aniztasun eta egoera gehiago edukitzea itzel etorriko litzaioke hurrengo mailara iristeko, zalantzarik gabe, baina erlaxatzeko eta ondo pasatzeko aproposa den joko txiki horietakoa da meatze estralurtarrena.

Abenduaren 14an kaleratuko da Dome Keeper PS5 eta Switch gailuetan; egun, PCan, Xbox kontsoletan eta Android zein iOS gailuetan joka daiteke.