Kong tximinoz edozein unetan aldatzeko Tag Anywhere sistema, hobetutako atal grafikoa eta randomizer aukerak inplementatuko dituzte.

Rainchus garatzaileak osatutako taldeak Donkey Kong 64: Recompiled proiektua aditzera eman du. Nintendo 64 kontsolako plataforma jokoak Windows, GNU/Linux eta MacOS bertsioak jasoko ditu uda honetan, aldi berean, dozenaka berrikuntza eta hobekuntza inplementatuta.

N64: Recompiled tresnaz baliatu dira arduradunak port-ak eratzeko. Aldez aurretik DK64ren randomizer proiektuen sortzaileak izanik, dagoeneko bideojokoa ondo baino hobeto ezagutzen duen taldearen eskutik datorren birkonpilazio lana dugu.

Hori horrela, moldatutako zein txukundutako atal grafikoa agintzen dute: bereizmen aukerak, areagotutako segundoko fotograma tasak zein pantaila zabalentzako euskarria ikusiko ditugu, besteak beste. Aipatzekoa da zinematikak eta bideoak ere pantaila zabalean azalduko direla, eta, gainera, minijokoak zein probak areagotutako fps tasarako moldatu dituztela. Txikikeriak dirudite, baina DK64ren zaleak pozez txoratzen utzi dituzte.

Berritasun handiekin jarraituz, Tag Anywhere sistema ere inplementatuko dutela jakinarazi dute egileek. Originalean jokatu zutenek ondo dakiten bezalaxe, Kong desberdinen artean aldatzea da abenturako gakoetako bat: Donkey Kong, Diddy Kong, Tiny Kong, Lanky Kong eta Chunky Kong protagonistak desblokeatzen joango gara jokoan zehar, ondoren, bakoitzaren botereei esker erronka desberdinak gainditzeko.

Arazo ugari dakartza honek; izan ere, banana zein aktibatzeko elementu ugari Kong bakoitzari lotutakoak dira. Tximinoz aldatzeko, mailetatik sakabanatutako kupeletara jauzi egin beharko dugu, aurrera eta atzera ibiltzera eramanez. Tag Anywherek hau ekiditen du, edozein unetan pertsonaiaz aldatzeko aukera eskainita.

Amaitzeko, egileek ezin izan diote randomizer aukerak gehitzeko aukerari uko egin. Ez dira birkonpilazioarekin batera iritsiko, baina beranduago gehituko dituztela agindu dute. Horiekin, jokoko erronkak eta biltzeko objektuak ausaz aldatuko dira munduan zehar, erronkak korapilatuz eta adituentzako probak sortuz.

Maiatz bukaeran iritsi zen Donkey Kong 64 Nintendo Classics zerbitzura. Pixkat gehiago itxaron beharko dugu Donkey Kong 64: Recompiled ikusteko: uda honetan argitaratu nahi dute zaleek.

 

Klasikoak biziberritzen

Banjo-Kazooie edo The Legend of Zelda: Majora’s Mask ikusi ditugu, eraberrituta, N64: Recompiled erremintari esker. Dekonpilatuta eta birkonpilatuta heldu dira, baita, Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Lylat Wars (Star Fox 64) edo Mario Kart 64, besteak beste. Obra originalak egungo gailuetan —PCtik haratago, mugikorretara zein beste kontsoletara eramanez— berezko bertsioekin jokatzeaz gain, denetariko zuzenketak eta hobekuntzak inplementatu ohi dituzte egileek.

Moda hau ez da Nintendo 64ra mugatzen: The Legend of Zelda: Twilight Princess-en portak ere jaso ditugu, esate baterako. Horri lotuta, DolRecomp tresna ikusi dugu egunotan, GameCube kontsolako jokoak birkonpilazio estatikoarekin portatzeko programa.