Retro Studios, era batean, Rare garatzailearen oinordekoa dela diote askok. Nintendo-ren laguntzarekin sortutako talde estatubatuarrak —Metroid Prime-n retroanalisian hitz egin genuen honi buruz— estudio britainiarrak utzitako hutsunea betetzen duela esan dezakegu.

Egia esan, Rarek frankizia propio mordoa dauzka, baina ospea Donkey Kong Country frankiziari esker lortu zuten; hau da, Nintendoren antzinako IP bati esker. Retroren hastapenak halakoak izan ziren: aipatutako Prime sagarekin egin ziren ezagunak. Hiru atal garatuta, N Handiak alboan utzitako beste frankizia bat berreskuratzeko agindu zion: Rarek abiatutako DKC, hain zuzen ere.

Wii kontsolarako argitaratutako Donkey Kong Country Returns-ekin plataforma joko borobila prestatu zuten 2010. urtean. Rareren jokoetako oinarriak hartuta, bai berezko mekanikak, bai estetika eratu zituzten SNES-eko tituluen jarraipen zuzenerako. Prentsaren nahiz zaleen aldetik balorazio onak jasota, urte gutxi batzuen ostean gorilaren eta bere lagunen itzuleraren bigarren atalean lan egiten hasi ziren Retrokoak.

2014an Nintendo Wii U kontsolan estreinatu zen Donkey Kong Country: Tropical Freeze; lau urte geroago, gaur egungo Switch-erako bertsio eraberritua merkaturatu zuten. Ez zuen aldaketa handirik ekarri: aginte berrientzako euskarria eta Funky Kong-ekin batera jokatzeko zailtasun modalitate erraza gehitu zizkioten jatorrizko jokoari.

 

Oinarriak mantenduz, baina berritasunak gehituz

Tropical Freezek Returnsekin egindakoarekin jarraitzen zuen: 2.5 dimentsioko plataforma jokoa dugu. Hau da: nahiz eta bi dimentsioko planoan mugitu —jokoaren gehiengoan, behintzat—, atal teknikoa hiru dimentsioetan eratuta dago. Pertsonaiak, kokalekuak, efektuak eta bestelakoak, beraz, 3D modeloen bidez sortutakoak direla ikusiko dugu; aipatzeko huskeria dirudi, baina New Super Mario Bros. bezalako lanetan, adibidez, hondoetako elementuak bi dimentsiotan eginak daude, pertsonaiak 3Dkoak diren bitartean.

Hau argituta, goazen Tropical Freezek proposatzen diguna ezagutzera. Returnsen aurkeztutako mugimendu sorta ia osorik berrerabiltzen du bigarrenak: soberan zeuden mugimendu batzuk alboratzen ditu, putz egitearena, esaterako, baina orokorrean antzeko kontrolak ikusiko ditugu.

Donkey eta lagunak lasterka zein saltoka ibiliko dira kokalekuetatik; lurra kolpeka jota etsaiak zorabiatzeko edo elementu zehatzak birrintzeko ahalmena daukate; itzulipurdiarekin eraso egin, eta jauzi luzeagoak eman ditzakete; kolpekariekin landare igokariak zein lianak helduko dituzte; bukatzeko, Diddy, Dixie nahiz Cranky tximinoak Donkeyren gainera igo daitezke mugimendu zein abilezia bereziak erabiltzeko. Aurrekora —edo plataforma abentura askotara— jokatu dutenentzat ohiko mugimendu eskema izango da, hortaz.

Berritasunak, hasteko, lagunen aldetik datoz. Returnsen Diddy bakarrik geneukan Donkeyri abenturan laguntzen: bere jetpack-ari esker airean segundo batez mantentzeko ahalmena eskaintzen zion gorilari. Oraingoan, baina, Dixie eta Cranky gehitu dira zerrendara. Lehenengoak airean mantentzeko aukera eskaintzeaz gain, pixkat goraka eramango dio Donkeyri; Cranky zaharrak, bestalde, Ducktales-eko makilaren mekanika dakar, etsai bereziak akatzeko zein leku arriskutsuak zeharkatzeko aproposa.

Bi jokalarirentzako kooperatiboa ere bueltan da, zelan ez: bigarren jokalariak aipatutako hiru tximinoen artean aukera dezake, hauen abileziak eskuratuz. Nahi duenean, gainera, Donkeyren gainera igo daiteke lehenengo erabiltzaileari esandako mugimendu guztiak eskaintzeko —edo erronkaren bat oso zaila eginez gero, elkarrekin gainditu ahal izateko—.

Desafioei buruz gabiltzanez, Funky Kongekin jokatzeko aukera gogoratzekoa da Switcheko bertsioan. Kong erradikalena modalitate errazean ikusiko dugu soilik; hori horrela, oztopo gehienak gainditzeko erraztasunak edukiko ditu. Planeatzeko gai da, eztenek ez diote minik egiten, eta jauzi bikoitza dauka, baita bost bihotz ere.

Gehiegizkoa dirudi, baina, egia esan, Tropical Freeze ez da batere erraza. Estetika koloretsuaren zein jatorraren atzean zailtasun handiko plataforma abentura daukagu; helburu arruntetan gailentzea ez da batere sinplea izango, baina sekretu guztiak argitzea sekulako erronka egin daiteke edozein jokalarirentzat. Hori dela eta, ez da harritzekoa Funkyrekin publiko zabalagoarengana iritsi nahi izana.

Kontrolak zehatzak, gozatzekoak dira: plataforma sekzio zorrotzak gainditu beharko ditugunez, halakoak izan behar zuten, bai ala bai. Erritmoa guk nahi duguna izango dela azpimarratu nahiko nuke, halere: mailetako asko geldo eta lasai gainditu ahalko ditugu, baina ziztu bizian ibili nahi izanez gero, horretarako tresnak ere eskaintzen ditu Tropical Freezek. Itzulipurdiak ematerakoan jauzi eginez gero askoz urrunago helduko gara; horrek, oztopoen eta etsaien gainean errebotatzeko aukerarekin batera, speedrunning-aren zaleentzako gozamen hutsean bilakatzen ditu zeharkatu beharreko guneak.

Halaber, modu batera zein bestera jokatuta disfrutatzeko mailekin topo egingo dugu. Hor datza Donkey Kongen joko honen benetako indargunea: mailen diseinua, grafikoak, erronkak, musika… bikainak baino bikainagoak dira.

 

Aniztasuna nagusi

Game Maker’s Toolkit-eko Mark Brown garatzaileak dio: “plataforma jokoetako mailen diseinurik sortzaileenetakoak eta anbiziotsuenetakoak” biltzen ditu Tropical Freezek. Aniztasun eta kalitate maila zoratzekoa da, benetan. Argi dago Nintendongandik ikasi dutela Retrokoek. Kokaleku bakoitzak oinarrizko mekanika edo oztopoa aurkezten digu; ideia hori eboluzionatzen doa mailan zehar, oinarri beretik hasita zailtasuna areagotzen duten elementuak gehituta. Super Mario 3D World bikainak proposatzen digun berbera —N Handikoen zein beste garatzaile askoren jokoek egin bezala, noski—.

Hala eta guztiz ere, mota honetako bideojokoetan mailako mekanika bakarrean sakontzea izan ohi da arruntena. Retrokoek hori egin izan dute baita, baina ez Tropical Freezekin: bi edo hiru ideia berri aurkeztuta, horiekin probatzeko eta esperimentatzeko tartea eskaintzen dute estatubatuarrek, azkenik guztiak nahasteko. Era horretara, maila bakoitzak bere atalak, eta, azkenean, azpiatalak ditu.

Scorch N’ Torch, esate baterako, Afrikako sabanan girotutako hirugarren munduko laugarren maila da. Aurreko desafioak gaindituta, suak hartutako sabana zeharkatu beharko dugu oraingoan: lianak, belarrak zein zuhaixkak erretzen dabiltza, eta suak zauri gaitzake. Aurrera egiteko fruitu batzuk hartu beharko ditugu, sua itzaltzeko jaurtiz.

Mekanika pixkanaka aurkeztu ondoren, bigarren oztopoa ezagutuko dugu: kiskalitako adarrek plataforma bezala funtzionatzen jarraitzen duten arren, zapaldu eta gutxira desegin egiten dira. Antzekoa gertatzen da zuhaitz batzuekin: gure pisuaren eraginez hondoratzen hasiko dira. Beraz, plataforma joko bizkorra erabili beharko dugu aurrera egiteko.

Hirugarren desafio mota ere ikusi dugu maila berean: sugarrez betetako lurrak zapal ditzakegun arren, geldi geratuz gero erre egingo gaituzte. Zehaztasuna eta adimena eskatuko dute beraz hauekin betetako sekzioek.

Kontrolak zehatzak, gozatzekoak dira: plataforma sekzio zorrotzak gainditu beharko ditugunez, halakoak izan behar zuten, bai ala bai.

Esan bezala, maila bukatu aurretik mekanikok nahastuta ikusiko ditugu: atal batean, adibidez, sugarren gainetik ibili beharko gara fruitak batzen lianen sua itzaltzeko, gero hauen gainetik sekretuak eskuratzeko. Ikusiko dugun dozenaka adibideetako bat baino ez da hau. Zoragarria da dagoeneko menperatu duzun mekanika bat beste batekin batuta guztiz zaharberritzea; aurrera jarraitzeko desira hori pizten du, aurkituko ditugun desafio berriak gainditzeko gogoak sortuta.

Tximino desberdinen abileziek ere jokatzeko modu desberdinak proposatzen dituzte: Dixierekin lasaiago ibiliko gara plataforma gune zorrotzenetan, baina Crankyren laguntzari esker ziztu bizian ibiliko gara aurrera egiten eztenen edo etsai berezien beldurrik gabe.

 

Jokalaria harritzeko bideen bila

Orain arte aipatutakoak maila “arruntetara” mugatzen dira; ohi bezala, proposamen guztiz desberdinak aurkezten dituzten guneak ere ikusiko ditugu. Bagoneta gaineko atalak daude, beste behin, Donkey Kongen bidean; jauzika eta makurtzen ibiliko gara, ibilgailuak aurrera egin ahala —bagoneta beharrean, txalupatxoan ere igoko gara batzuetan—.

Hori bai, aurkezpen ikusgarria daukate oraingoan: zur lantegiaren maila, esate baterako, sekulako esperientzia da: lantegiko zerrak eta ebakitako enborrak saihesten ibiliko gara, ondoren ur gaineko atal batera igarotzeko, azkenik plataformak hegaka sortzen ari diren gune batean bukatzeko. Oso antzekoak dira suziri gaineko erronkak. Hauetan ere bakarrik egingo dugu aurreraka, baina altuera kontrolatu beharko dugu jauzi egiteko botoiekin. Upelen artean hegan ibiltzeko eremuak zein Rambi errinozeroaren gainera igota birrintzeko bideak ere zeharkatuko ditugu.

Returnsen ez, baina Tropical Freezen igeriketan ibiliko gara. Donkey Kong Country klasikoen ardatzetako bat izanik, poztekoa da urpeko mailak berriz ikustea. Gorilak eta tximinoak iaioak dira igerian: azkar batean ibiliko gara edozein norabidetan. Eskertzekoa da Marioren mugatutako urazpiko kontrol eskema alboratzea: ez zait inoiz gustatu mugikortasuna botere edo jantzi zehatzei lotuta egotea.

Urperatuta gabiltzanean ere denetariko oztopoak izango dira nagusi: kobazulo ilunak, puzzlez betetako hondakinak edo hamarratz jazarleak biltzen ditu abenturak. Oxigenoa kontrolatu beharko dugu, gainera, eta ez dut uste hau jokoak ondo azaltzen duenik: aire burbuilei esker oxigeno barra beteko dugu ito aurretik. Joko hasieran adibidetxo bat dugun arren, urpeko guneak agertzen direnerako ahaztuta neukan jada. Adi ibili beharko gara, hortaz.

Etsai kopuru izugarriarekin ere kontuz eduki beharko dugu. Dozenaka arerio mota desberdin daude; gehienak garaitzeko gainera salto egitea nahikoa izango bada ere, beste batzuek mugimendu bereziak eskatuko dizkigute.

Munduen —kasu honetan, irlen— bukaerara iristerakoan, buruzagi zitala garaitu beharko dugu hurrengora bidaiatu ahal izateko. Aparteko borrokak diseinatu dituzte Retrokoek: hiru kolpez akatzeko etsai nagusiak prestatu beharrean, mugimendu sorta zabala duten arerioen aurka ariko gara. Fase desberdinak izango dituzte zailtasuna areagotzen doan bitartean. Buruzagi bikainak diren arren, borrokak zenbaitetan luzeegiak suerta daitezke; garaipena lortzekotan zaudela bizia galtzea eta berriz hasieratik hastea gorrotagarria da.

Iraupenarekin jarraituz, maila bakoitzean horrenbeste eduki egonda argi dago ez ditugula gune laburrak zeharkatuko. Kokaleku motzen bat edo beste dago, baina, orokorrean, maila luzeak dira nagusi Donkey Kongen azken abenturan. Hainbat minutu beharko ditugu bakoitza gainditzeko, eta hori hil gabe egitea lortzen badugu.

 

Bananak, medailak eta puzzleak

Ez hori bakarrik: sekretuak eta biltzeko elementuak barra-barra banatu dituzte. Maila bakoitzean lau KONG hizkiak eta hainbat puzzle zati egongo dira ezkutatuta. Munduetako gune sekretuak desblokeatzeko balio dutenez, jokoaren maila guztiak ikusi nahi dituztenek bai edo bai bilatu beharko dituzte. Hauez gain, puntuazioa hobetzeko bananak, Funkyren dendan erosketak egiteko medailak eta bizitzak eskaintzen dituzten puxikak aurkituko ditugu.

Biltzeko gauza gehiegi dagoela uste dut. Hizkiak nahiz puzzle zatiak eskuratzeko erronka desberdinak gainditu beharko ditugu normalean. Askotan, begibistan daude —KONGen kasua— eta plataforma atal bereziak gainditu beharko ditugu; mailetako mekanikak erabilita proposatutako puzzle edo erronka txikiak ere badaude; gehienetan, ordea, ezkutuko guneetako minijokoak betetzen ariko gara puzzle zatiak osatzeko.

Hauek kaltegarriak dira erritmoarentzat, askotxo daudelako eta oso errepikakorrak direlako: gune itxi batean banana guztiak denbora mugatuan biltzen ariko gara. Ideia berbera mantentzea, baina biltzeko elementu gutxiago eskaintzea jokoarentzako onuragarria izango litzateekela pentsatzen dut. Tamalgarria da, sekretuok ondo gordeta daudelako: adi dabiltzanek hauek aurkitzeko aztarnak erraz batean identifikatuko dituzte, eta harro sentiaraztea lortzen dute. Laburbilduz, kopurua murriztea eskertzekoa litzateke.

 

Maitasunez egina, eta igartzen da

Esandako guztiarekin ez dago inolako zalantzarik: zeharkatuko ditugun basoak, kobazuloak, herrixkak eta gainerakoak dira bideojokoaren erabateko protagonistak. Girotze bikainak asko laguntzen du sentipen horrekin; izan ere, azpimarratzekoa da maila bakoitzaren hondoak, apaindurak eta xehetasunak desberdinak direla. Ikaragarrizko bizitza ematen diete irla desberdinei: hainbat kokalekuk partekatzen duten gai generikoa landu beharrean, aniztasuna da nagusi.

Satoru Iwata zendutako Nintendoren presidente ohiak egindako Iwata Asks elkarrizketan Retrokoek aipatzen zutenez, "mailak dibertigarriak izateko beharrezko tempoa" prestatzen ikasi zuten DKC Returns garatzerakoan.  Ez hori bakarrik: askotan, elkarren aurka aritzen zirela nabarmentzen dute, bata besteari maila zoroekin eta ikaragarriekin harritu nahian. Pasioa eta maitasuna sumatzen dira hitzotan, eta estatubatuarren bukatutako obretan agerikoak dira.

Gauza bera gertatzen da musikarekin: 93 abestirekin bost orduko iraupena duen soinu banda aparta osatzen du David Wise musikagileak. Horrela, bisitatuko ditugun guneei kutsu berezia ematen dieten abestiak entzungo ditugu; askotan, abesti berberaren bertsioak prestatu dituzte, esaterako, urpean bagabiltza.

Bestalde, jarraitutasuna emateko lagungarriak diren elementuez ere baliatzen dira garatzaileak: adibidez, maila baten bukaeran guretzat ezezagunak diren etsaiak ikus ditzakegu hondoan, ordura arte garaitu ditugun arerioak jaten. Hurrengo maila hasterakoan, aurkari berrion jatorria ezagutuko dugu. Beste adibide batzuk ere egon badaude: ikaragarria da mundu oso bateko mailekin kontatzen duten istorioa. Rarek DKC originaletan egindakoa da, modu batean, baina gaurkotuta: ezin daiteke esan plataformen bideojoko askok halakorik egiten dutenik, beraz xehetasun txikiokin hartutako lana benetan goraipatzekoa da.

Era berean, ohiko girotzeetatik harago joan dira Retrokoak. Lehenengo irla, adibidez, Donkey Kongen ohiko oihanarena da. Hala ere, basoekin eta hondartzekin batera elementu mekanikoak izango dira nonahi; alde batera utzitako hegazkin zaharrak ikusiko ditugu, eta hauen hondakinek era guztietako oztopoak eratzeko balio dute. Antzekoa gertatzen da gainerako munduekin: lantegiz inguratutako zingirak, haizeak kulunkatutako herriak edo misterioz betetako itsaspeko guneak zeharkatuko dituzte Donkeyk eta adiskideek.

Zoragarria da dagoeneko menperatu duzun mekanika bat beste batekin batuta guztiz zaharberritzea; aurrera jarraitzeko desira hori pizten du.

Ia hamar urterekin, eta bigarren merkaturatze batekin, Tropical Freezek oraindik ezkutuko altxorra dela sentitzen dut, zer esango dizuet. Ulertezina da —edo ez, Switchean Wii Uan baino garestiago kaleratu zutela ikusita—, azken hamarkadako plataforma jokorik onenetakoa dela uste baitut: dibertigarria, zorrotza, edukiz betea, kooperatiboarekin, atal grafiko zein soinu banda zoragarriarekin… Indie tituluak eta Marioren abenturak alboratuta, ez dira plataformen generoan liluratzea lortzen duten joko askorik geratzen enpresa handien artean.

Donkey Kong Country Tropical Freeze plataforma zale orok jokatu beharreko abentura da. Egoeren aniztasunak, kontrol zorrotzek eta proposamen interesgarriek jokatzen jarraitzera animatzen zaituzte. Desafioak luzeak egin daitezkeen arren, hurrengora heltzeko gogoa pizten dute ezusteko eta erronka berriak ezagutzeko.