Adabakiak atal grafikoa txukunduko du egungo belaunaldiko gailuetan. Son Gokuren borroka jokoa 2018an estreinatu zen.

Dragoi Bola FighterZ borroka jokoak ziurrenik bere azken eguneraketa handia izango dena jasoko du gaur. Zaleek hainbat urtez eskatutako rollback netcode funtzioa inplementatuko du azkenik Bandai Namco-k: horri esker sare bidezko dueluen esperientzia nabarmen hobetzea bilatzen dute.

Azken urteotan borroka jokoetan ikusitako iraultza da rollbackarena: online partidak jokoan inplementatzeko metodoetako bat da.

Rollbackak jokalarien aginduak eta mugimenduak hartu, eta, online partidako sareak funsgabetasunik nabarituz gero, horiek atzera egin edo birsimulatu egiten ditu ― hortik roll back terminoa―, ahalik eta esperientziarik onena lortzeko.

Gaur egunera arte FighterZk delay-based izeneko metodoa erabili izan du; ohikoena, alegia, baina baita zaharkitua ere. Wi-Fi sare bidez jokatzen ziren partidetan atzerapenak eta izozteak (lag) nabaritzea eguneroko kontua zen metodo honekin, baina rollbackera aldatuz, guztia aldatzea espero da.

Izan ere, orain hilabete batzuk egindako rollback netcodearen beta fasean emaitza eta balorazio benetan positiboak lortu zituzten FighterZko arduradunek jokalarien aldetik.

Eguneraketarekin, gainera, gaur egungo kontsolen belaunaldirako euskarria abiaraziko dute. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsolek hobetutako atal grafikoa ikusiko dute 4K bereizmeneko testurei esker.

Gaur iritsiko den adabakia guztiz doakoa da, eta, PCko zein PlayStation eta Xbox kontsola guztietako bertsioek jasoko dute. Nintendo Switch kontsolako FighterZ, beraz, eguneratzerik gabe geratzen da.

Game Erauntsian Dragon Ball FighterZ “edozeinek gozatuko duen borroka jokoa” dela aldarrikatu genuen 2018an argitaratutako analisian:

FighterZ Dragoi Bolaren zale askok itxaroten zuten bideojokoa da. Borroka azkar, zirragarri eta biziak ikusiko ditugu jokoan, aparteko atal grafikoarekin batera.

 

Espantsioak Dragoi Bolaren bideojokoetan

FighterZk horren luzez itxarondako adabakia jasoko du, baina Dragoi Bolaren gaur egungo gainerako bideojokoek ere eduki berriak jaso dituzte.

Dragon Ball Z: Kakarot ARPG abenturak, esaterako, DLCen bigarren denboraldiari bukaera ematen dion seigarren eta azken espantsioa jaso du. Goku’s Next Journey deitua, DBZren azken atalak biltzen dituen edukia da; Son Gokuk Uub gaztea ezagutzen duen txapelketa biziko dugu, alegia.

Dragon Ball: The Breakers multijokalari asimetrikoak ere eduki berriak jaso ditu. Bosgarren denboraldiarekin Goku Black eta Zamasu bilauak iritsiko dira ihes egiten saiatuko den jokalari taldea akatu nahian.

Puar, etorkizuneko Mai eta Jaco pertsonaien azalak gehituko dituzte —adi Puarren eraldaketei!— iheslarientzat. Eguneraketa gaur kaleratuko da plataforma guztietan.