2026ko otsailaren 5ean estreinatuko da Nintendo, PlayStation, Xbox eta PC gailuetan. Hiru dimentsioko atal grafikoa eskainiko du.
Square Enix taldeak Dragon Quest VII Reimagined aurkeztu du. Akira Toriyama mangakak sortutako diseinuak eta atal estetikoa zaharberrituko dituzte ipuin liburuen girotzea hartuta.
2000. urtean estreinatu zen jatorriz DQ VII PlayStation originalean, sprite lana 3D inguruneekin nahastuz; 2013an, bestalde, lehen berregitea jaso zuen Nintendo 3DS kontsolan, Dragon Quest VII: Fragments of the Forgotten Past izenpean.
Zazpigarren atalaren bigarren remake handia egungo plataforma gehienetara iritsiko da: Switch, Switch 2, PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan eta PCan jokatu ahalko da. Benetako panpinak sortu eta horiek eskaneatu dituzte, ondoren diorama estiloko 3D ikuspegi eta ingurune ederrak sortzeko bideojokoan.
Jokagarritasunean aldaketa handiak datoz. Txandakako borroka sistema eraberritua ikusiko omen dugu, duelu dinamikoak eskaintzeko; gainera, lanen sistema handituko dute, jokalariei bi lan aldi berean erabiltzeko aukerarekin. Monster Master deitutako lan berria ikusiko dugu, baita. Aipatutakoei bizitza kalitatera bideratutako denetariko hobekuntzak gaineratu behar zaizkie.
Gidoiak ere hobekuntza nabarmenak gehituko dituela nabarmentzen da prentsa oharrean, istorio zuzenagoa kontatzeko helburuarekin; izan ere, originalean oztopo eta bira gehiegi egoten zirela aitortuko dute askok. Minijokoak, erronkak zein misioak txukunduta ikusiko ditugu.
Bilaketaren berpizkundea
Dragon Quest mitiko ugari daude, baina zazpigarrena gogoangarrienen artean dago askorentzat. Ez da harritzekoa, beraz, SEk berregite berria prestatu nahi izatea. Oraingoz beste atal batzuen zain gaude, hori bai: datorren urriaren 30ean kaleratuko dute Dragon Quest I & II HD-2D Remake bilduma. Iaz Dragon Quest III HD-2D jaso genuen, sekulako balorazioak eskuratuta.
Ahaztuta geratu bada ere, Dragon Quest berria iragarrita dago. 2021ean ezagutu genuen Dragon Quest XII: The Flames of Fate, baina egileek ez dute askorik aipatu bere inguruan. Oraingoz garapenean jarraitzen duela da dakigun bakarra, zain egon beharko gara.
Dragon Quest VII Reimagined otsailaren 5ean merkaturatuko da.
Iruzkinak