Switcherako bertsioak jasotako eduki berri guztiak batuko ditu port honek. JRPGa abenduaren 4an estreinatuko da.
Jatorrizko Dragon Quest PC eta PS4rako kaleratu bazen ere, joan den uztailean iragarri zuen Square Enixek Dragon Quest XI S: Echoes of an Elusive Age Definitive Edition PC, PS4 eta baita Xbox Onerako ere.
Bertsio berriak Switchean argitaratutako eduki esklusibo guztiak eramango ditu gainerako plataformetara. Ez hori bakarrik: Nintendoren kontsolarekin gertatu bezala, hamar orduko iraupena duen doako demoa argitaratu berri dute hiru plataforma horietan.
Square Enixekoek azaltzen dutenez, abenturaren hasieraz gozatu ahalko da froga horretan. “Egia esateko, froga honi demo deitzea dakarren eduki guztia gutxiestea da”, aldarrikatu dute.
Hamar ordu horietaz gozatu ondoren JRPG osoa erostea erabakitzen duten jokalariek ez dute berriz igarotako tartea gainditu beharko. Arduradunek baieztatu dutenez demoko partida joko osora pasa ahalko da. Hemen dituzue plataforma bakoitzean demoa jaisteko estekak: PC, PlayStation 4, Xbox One.
Behin betiko edizioa?
Definitive Edition honek jatorrizko jokoak ez zituten askotariko hobekuntza eta eduki gehigarri dakartza. Hasteko, abentura osoa Dragon Quest klasikoak gogora ekartzen dituen 2D joko motan jokatu daiteke. Borrokak abiadura azkarragoan gauzatzeko aukera aktibatu ahalko da, baita ahots japoniarrak jarri ere. Gainera, orkestrak jotako soinu bandarekin jokatzeko aukera ematen du, jatorrizko jokoaren MIDI abestien ordez.
DQ XI-ko heroiarekin bidaiatuko duten adiskideak protagonista izango diren istorioak, argazkiak ateratzeko aukera eta beste hainbat hobekuntza jaso ditu behin betiko edizio honek.
Hala ere bere alde txarrak ere baditu. Switcheko bertsioaren port zuzena da, eta beraz Nintendoren kontsolako atal grafiko berbera du. Hau da, jatorrizko bertsioak baino grafiko eskasagoak ditu Definitive Editionak: bereizmen maila murriztua eta kalitate baxuagoko testurak nabarituko dituzte jokalariek.
Dragon Quest XI S: Echoes of an Elusive Age Definitive Edition abenduaren 4an estreinatuko da PC, PS4 eta Xbox Onean.
Iruzkinak