Ekainaren 12tik 15era bitartean egingo da Electronic Entertainment Experience izenpean. Nintendo, Xbox edota Ubisoft egongo dira bertan.
Bideo-jokoen Electronic Entertainment Expo azoka formatu digitalera pasako da aurten. Pasa den urteko egitasmoa bertan behera utzi ondoren, Entertainment Software Associationeko arduradunak Electronic Entertainment Experience ekimena prestatzen ari dira ekainerako.
Zabaldu duten prentsa oharrean adierazten dutenez, “Nintendo, Xbox, Capcom, Konami, Ubisoft, Take-Two Interactive, Warner Bros. Games, Koch Media eta gehiago” bilduko dira aurten bideo-jokoen ekimenik handiena izan ohi zena aurrera eramateko. Ikusteko dago PlayStation edota Electronic Arts ere gehituko diren, azken urteetan E3tik kanpo gelditu diren arren.
Ekimen digitala izango dela zehaztuta zer nolako edukiak emango dituzten ezagutzea falta da. Arduradunek webgunean izen ematea zabaldu dute: zaleentzako “zuzeneko emanaldi luzeagoetara eta ekimen berezietara” sarbidea eskainiko dute horrela, baina hedabideentzako sarbidea ere emango dute informazio sakonagoa eskaintzeko bide bezala.
VideoGamesChronicle webgunean E3 honetako hainbat eduki ordainpekoak izango zirela aurreratu zuten, baina ESAkoek aukera hori ukatu dute dagoeneko. Koronabirusak eraginda enpresa eta garatzaile handiek aurkezpen digital propioak egiteko ohitura hartu dute, beraz antzeko zerbait ikustea espero da.
E3 2021 ekainaren 12tik 15era gauzatuko da.
Iruzkinak