2023an sortu zen taldea. Aurtengo hirugarren kanporatzeen txanda da EArentzat.

Electronic Arts enpresak Cliffhanger Games estudioa desagerrarazi duela aurreratu dute hainbat hedabidek. Modu horretara, taldea garatzen zebilen Black Panther bideojokoa bertan behera geratu da.

Laura Miele EA Entertainment-eko presidenteak lantaldearen artean zabaldutako barne mezuaren bidez ezagutu dugu itxiera. Ohi bezala, argitaletxeari “fokuratzen eta sormen energia bideratzen” lagunduko dion erabaki gogorra dela aipatzen da exekutiboen aldetik.

Oraindik ez dakigu Cliffhanger zenbat langilez osatuta zegoen; izan ere, IGN atarikoak EArekin harremanetan jartzen saiatu dira, baina ez dute erantzunik jaso. Halere, printzipioz ez lirateke duela aste batzuetako zifretara iritsiko: 300 bat langile kanporatu zituzten maiatz hasieran.

Cliffhanger estudio hasiberria zela esan daiteke. 2023. urtean eratu zen, Monolith estudioko garatzaile beteranoek osatuta —Monolith, bestalde, otsailean itxi zuen EAk—.

Zorionez, EAk itxitako estudioetako langileak beste talde batzuetara bideratzen saiatzen da; ez hori bakarrik, abian jarraitzen duten garatzaile taldeetako langile kopurua areagotzen ari da, eta, iturrien arabera, urte honetako martxorako iazko epe berean baino 800 langile gehiago kontratatu dituzte.

Black Pantherren tituluari dagokionez, hirugarren pertsonan abentura eta akzioa uztartzen zituen lana izan behar zen Wakanda herrialde fiktizioko superheroiarena. Ez dugu jokoaren ezer ikusi, baina, zurrumurruen arabera, mundu irekiko proiektua zen.

Pantera beltzek egun ilunak bizi dituzte. Duela egun batzuk jakin genuen Skydance Interactive enpresaren Marvel 1943: Rise of Hydra 2026ra berandutu dela: bertan Captain America zein Black Panther —aurreko belaunaldikoa, T’Challa ezagunaren aitona— kontrolatuko ditugu.