30 urteko ibilbidea bukatutzat eman baino lehen, azken titulua argitaratuko dute elkarrekin: FIFA 23.
Ez da inolako sekretua izan, baina azkenik baieztatu egin dute: Electronic Arts-ek agur esango dio FIFAri. Datorren urtean futbol jokoen saga ezaguna alboratu, eta “garai berri bati hasiera emango diote”. Prentsa ohar baten bidez jakitera eman dutenez, EA Sports FC deitutako frankizia eraberritua sortuko dute.
“Futbolaren esperientziak beste maila batera” eramango dituztela agindu dute EAkoek. “Gure jokoengandik maite duzun guztia EA Sports FC-n mantenduko da: esperientziak, joko motak, ligak, txapelketak, klubak eta kirolariak egongo dira bertan”, adierazi dute arduradunek.
Ultimate Team, Career joko mota eta askoz gehiago egongo dira bideojoko berrian. Horiekin batera 19.000 futbol jokalari, 700 talde, 100 futbol zelai eta 30 liga biltzen jarraituko dute: Premier League, La Liga, Bundesliga, Serie A, MLS eta gehiago aipatzen dira oharrean.
Proiektu berriarekin freskotasuna ekarri nahi dute futbol jokora; sortzeko eta eboluzionatzeko aukera da bideojokoen enpresarentzat. Prestatzen ari diren plan berriak datozen hilabeteetan jakitera emango dituztela diote; data bat ere aipatzen dute, dena den: 2023ko uda.
Hori horrela, hiru hamarkada iraun dituen elkarlanari agur esango diote bi erakundeek. Banaketaren zergatia argia da: FIFA erakundeak 1.000 milioi dolar eskatu zizkion EAri futbol lizentziengatik.
Hala eta guztiz ere, oraindik azken FIFA bat jasoko dute bideojokozaleek: FIFA 23. Azken FIFA “orain arteko onena” izatea nahi dutela aldarrikatu dute EAkoek.
Ikusteko dago FIFAkoek zer egingo duten. Ez zen harritzekoa izango beste garatzaile batekin elkartu eta FIFA izenarekin jarraitzea; hautagaien artean Konami aipatu behar da, zalantzarik gabe.
Iruzkinak