Uztailean eta abuztuan egingo dituzte Electronic Artsek eta Bethesdak beraien aurkezpen propioak, E3tik urrunduta.
Azoka eta aurkezpen digitalak uda heldu aurretik motorrak berotzen hasi direla argi geratu da. E3a eta Gamescoma itzuliko badira ere, ibilbide propioa jarraituko duten enpresa handi gutxi batzuk daude. Horien artean dago Electronic Arts.
Iaz lehen aldiz egindako EA Play Live aurkezpenarekin bueltatuko dira aurten kaliforniakoak. Xehetasun handirik eman gabe, data baieztatu dute: uztailaren 22an egingo dute egitasmoa.
Ohiko kiroletako frankiziekin itzultzea espero da: FIFA, Madden edo NHL bezalako jokoen sagak hor egongo dira beti bezala.
Halere bestelako iragarpen handiak ere gordeta dituzte EAkoek. Orain gutxi aipatutako belaunaldi berriko Battlefield datorren hilabetean aurkeztuko duten arren, ziurrenik lehen xehetasun interesgarriak ekimen honetan emango dituzte. Mass Effect berria zein Dragon Age 4 ere iragarri dituzte jada, baina jokalariek ez dute inolako informaziorik jaso pasa den abendutik, beraz horiek EA Play Livean agertzea aurreikusten da.
Orain arte hutsik egiten ez zuen frankizia bat desagertuta ibiliko da ziurrenik, baina. Star Wars EAtik aldendu da, eta hurrengo proiektu handia Ubisoften eskuetan dagoela jakitera eman zuen Lucasfilm Games markak. Dena den, horrek ez du esan nahi EAk ez duela zertan Izarretako Gerraren jokorik egingo.
Bethesda, bakarka
Bethesda, bestalde, bere QuakeCon ezagunarekin itzuliko da beste urte batez. Ez da ekimena formatu digitalean egingo duten lehen aldia: 2020ko QuakeCona horrela egin zuten.
Aurtengoa egitasmo berezia izango dela nabarmendu beharra dago halere. Microsoftek Zenimax eta horren ondorioz Bethesda erosi du, eta hortaz kudeaketa berriaren aterpean egingo dute aurkezpena. Ezer gutxi zehaztu dute bertan erakutsiko dituzten lanei buruz, baina orain gutxi geroratuko Deathloop bertan egotea aurreikusten da, Ghostwire: Tokyo bezalako lanekin batera.
Bethesdaren ekimena abuztuaren 19tik 21era egingo da. Aurretik, baina, E3an Microsoftek parte hartuko duela gogoratu behar da: ez da harritzekoa izango azoka digitalean Xboxekoek Bethesdaren etorkizuneko proiektu handiak lehen aldiz iragartzea.
Iruzkinak