Bideojoko handiekin batera bi bermasterizazio interesgarri helduko dira datozen egunotan: We Love Katamari eta Ghost Trick: Phantom Detective.
Uda izan ohi da bideojokoez gozatzeko garairik onena —nahiz eta bideojokalari askok neguko egun hotzetan kontsola edo ordenagailu ondoan egotea nahiago duten—; hori horrela, ez da harritzekoa urteko estreinaldi handietako hainbat eta hainbat ekainean ikustea.
2023an ere gauza bera gertatuko da, titulu indartsuz eta interesgarriz beteta baitator. Mota guztietako generoetakoak gainera: ARPG zein JRPG abenturak, borroka frankizia klasikoen itzulera, abentura grafikoak zein bestelako proposamen eroak ikusiko ditugu.
Street Fighter 6
- Argitaratze data: 2023-06-02
- Garatzailea: Capcom
- Generoa: Borroka
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series
Ryu, Chun-Li, Ken, Zangief, Blanka eta lagunak —edo ez horren lagunak— bueltan dira Street Fighter sagaren seigarren atal handiarekin. Ekainaren 2an kaleratuko bada ere, demoak eta betak probatzeko aukera izan dugu azken asteotan: borroka jokozaleek ikaragarri gozatu dituzten probak, Capcomen lanak sekulako kalitate maila erakusten baitu.
Jokalari bakarrarentzako modalitate mordoa —World Tour kanpaina ardatz edukita—, online zein tokiko partidetan goza daitezkeen borrokak, pertsonaia klasikoak zein berriak biltzen dituen katalogoa, eta, orokorrean, Street Fighterren borroka zaharberrituak jokatzeko dozenaka aukera desberdin proposatzen ditu.
Prentsa aldetik lehen kritikak eta analisiak irakurtzeko aukera dugu jadanik, eta balorazio apartak jasotzen dabil titulua. Bihartik aurrera guk geuk probatzeko aukera izango dugu ordenagailuetan nahiz PlayStation 5, PlayStation 4 eta Xbox Seris X zein S kontsoletan.
We Love Katamari Reroll + Royal Reverie
- Argitaratze data: 2023-06-02
- Garatzailea: Monkeycraft / Bandai Namco
- Generoa: Abentura, puzzleak
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch
Katamari saga pixkanaka berpizten dabiltza Bandai Namcokoak Reroll bermasterizazioen bitartez. Orain urte gutxi batzuk lehen jokoaren remaster-a ikusi ondoren, bigarrenaren txanda dator orain: jatorriz 2005. urtean kaleratutako We Love Katamarirena.
Kosmosaren printzearen rola beteko dugu berriz; katamari pilota hartuta zeharkatuko ditugun kokalekuetako elementuak biltzen joango gara, katamariaren tamaina handituz, eta modu horretara are gauza handiagoak hartuta. Poxpoloekin hasiko gara, baina elefanteak, eraikinak nahiz bestelako zorakeriak xurgatuko ditugu bukaerarako.
Berritasunak ere ikusiko ditugu biharko estreinaldian: Royal Reverie joko motan Kosmosaren Erregea kontrolatuko dugu honen nerabezaroan, erronka desberdinak proposatuta. We Love Katamari Reroll + Royal Reverie kontsola guztietan zein ordenagailuan estreinatuko da.
Diablo IV
- Argitaratze data: 2023-06-06
- Garatzailea: Blizzard
- Generoa: Akziozko RPG
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One
Blizzard bere sagarik ezagunena berpiztera dator. Diablo IVk akziozko RPG jokoen ohiko mekanikak bilduko ditu atal grafiko eta mekaniko eraberrituekin aurkezteko. Ohi bezala, gure pertsonaia sortuko dugu hainbat kategoria desberdinen artean aukeratuz (basatia, aztia, bihurria, nekromantea eta druida), ondoren hauek mailaz igotzen goazela pertsonalizazioan are gehiago sakontzeko.
Mundu ireki erraldoia, ziega ilunak zein gogorrak, garaitzeko deabru eta munstro mordoa zein gainditu beharreko erronkak eta desafioak izango dira nagusi Blizzardekoen obra berrian. Kasu honetan ere demoak eta betak nonahi ikusi ditugu, eta, Street Fighterrekin gertatu modura, jokatu dutenek iritzi positiboak dituzte gehienbat. Gauza bera gertatzen da analisiekin: Diabloren zaleak pozik egon daitezkeela dirudi.
Diablo IV ekainaren 6tik aurrera gozatu ahalko du PCan zein PlayStation nahiz Xbox kontsoletan. Zoritxarrez, Blizzardekoek Game Pass harpidetza zerbitzutik kanpo utzi dute oraingoz.
Final Fantasy XVI
- Argitaratze data: 2023-06-22
- Garatzailea: Square-Enix
- Generoa: Akzioa, RPG
- Plataformak: PlayStation 5
Esan bezala, bideojokoen munduko frankizia ezagunenetakoak ikusiko ditugu berriz ekainean. Square-Enixekoek denbora luzea daramate Final Fantasyren hamaseigarren atala prestatzen, eta hilaren 22an gozatu ahalko dugu azkenik.
Valisthea-ko lurraldean murgilduko gara Clive Rosfield izeneko zalduna kontrolatzeko. Berarekin batera ARPG borroka dinamikoak eta ikusgarriak biziko ditugu; egia esan, Final Fantasy baino enpresa beraren Kingdom Hearts sagako mekanikak nagusituko direla pentsa daiteke orain arteko trailerrak ikusita. Ezpatak, magiak zein Eikon pizti erraldoiak izango ditugu eskura orain arteko FFrik handienean.
Oraingoz, zoritxarrez, PlayStation 5 kontsolako esklusiboa izango da FF XVI hau. Etorkizunean, ordea, plataforma gehiagotan ikusiko dugu: Squarekoek PCko bertsioa baieztatu dute, baina auskalo noiz jasoko dugun.
Ghost Trick: Phantom Detective
- Argitaratze data: 2023-06-30
- Garatzailea: Capcom
- Generoa: Abentura grafikoa, puzzleak
- Plataformak: PC, PS4, Xbox One, Switch
2010era begira jarriko gara ekain bukaeran, garai hartan Nintendo DS eramangarrian estreinatutako bideojokorik berezienetakoaren bermasterizazioa jasoko baitugu, Ghost Trick: Phantom Detective. Shu Takumi sortzaileak Ace Attorney sagan lan egin ostean prestatutako bideojokoa da: gure erailketaren erantzulea aurkitu beharko dugu espiritu gisa.
Horretarako beste hilketa batzuk ikertu beharko ditugu; ez hori bakarrik, hauek eragozteko bidea aurkitzea izango da jokoaren helburuetako bat. Espirituaren ahalmen bereziak erabilita kokalekuetako elementuez jabetu, eta pertsonaia anitzen patua aldatuko dugu, bide batez protagonistaren istorioan sakonduta.
Bermasterizazioa ez da Nintendoren plataformetara mugatuko: Switchean zein PS4, Xbox One eta PC plataformetan estreinatuko da Ghost Trick ekainaren 30ean.
Estreinaldiak… eta aurkezpenak!
Argitalpenak ez dira ekainean bideojokoen mundua astinduko duten gauza bakarra izango. Aurten ez da E3 azokarik egongo, baina industriako garatzaile handiak nahiz txikiak ez dira geldi geratuko: urtero bezala, bideojokoen iragarpenak egiteko era guztietako zuzenekoak eta aurkezpenak ikusiko ditugu.
Orain egun gutxi batzuk PlayStation Showcase-a jarraitu ondoren, gainerakoen txanda dator. Hainbat daude baieztatuta oraingoz, baina datozen egunotan ezustekoren bat edo beste egotea espero dugu bideojokozaleek; adibidez, Nintendo-koek ez dute Direct aurkezpenik agindu momentuz, eta, egia esan, horren hutsunea sumatzen da.
Errazena hitzordu guztien zerrenda egitea izango da, ezta?
- Summer Game Fest – Ekainak 8 – 21:00
- Day of the Devs – Ekainak 8 – 23:00
- Devolver Direct – Ekainak 9 – 00:00
- Tribeca Games Spotlight – Ekainak 9 – 21:00
- Wholesome Direct – Ekainak 10 – 19:00
- Xbox Games Showcase – Ekainak 11 – 19:00
- Starfield Direct – Ekainak 11 – Xbox Games Showcasea amaitu bezain laster
- Ubisoft Forward – Ekainak 12 – 19:00
- RGG Summit 2023 – Ekainak 16 – 05:00
Iruzkinak