“Errendimendua doitzeko” denbora gehiago behar dutela jakinarazi dute FromSoftware taldetik. Tarnished Edition deitutakoa kontsola hibridorako egokitzapena da.

Bandai Namco argitaletxeak Elden Ringen Switch 2 kontsolarako bertsioa geroratu duela jakinarazi du. 2026an estreinatuko da azkenik, sare sozialetan zabaldutako prentsa oharrean irakur daitekeenez.

Berriak ez ditu zaleak ustekabean harrapatu; izan ere, Gamescom azokan proba zitekeen demoak errendimendu arazo nabarmenak zituela entzun genezakeen jokatu zutenen aldetik. Horixe bera da FromSoftwarekoek aipatutakoa: “Errendimendua doitzeko denbora gehiago behar dela adostu dugu”.

Elden Ring Tarnished Edition bertsioak ez zeukan kaleratze data zehatzik, baina Bandai Namcotik aurten argitaratzeko asmoa zeukaten iragarri zutenean.

Switch 2rako moldatutako jokoak hainbat berritasun ekarriko ditu. Hasteko, Shadow of the Erdtree espantsioa oinarrizko jokoarekin batera eskainiko du; gainera, armadura eta arma berri batzuk gehituko dizkio Bitarteko Lurretako abenturari; bukatzeko Torrent zaldiarentzako itxurak prestatuko dituzte.

Berritasunok PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetako bertsioetara ere iritsiko omen dira. Doako gaurkotzearen bitartez iritsiko zitzaizkigula pentsatzen genuen, baina ez dirudi horrela izango denik: prentsa oharrean "ordainpeko argitalpen digitalak" izango direla aipatzen da.

Jatorrizko jokoa ikaragarri gustatu zitzaigun Game Erauntsian, azken urteotako lanik izugarriena dela aipatu baikenuen gure analisian. Antzekoa gertatu zitzaigun Shadow of the Erdtree eduki gehigarriarekin: “eduki berriz gainezka egiten duen ia bideojoko osoa izatera iristeraino” iristen dela esan genuen eskaini genion artikuluan.

Switch 2ko Elden Ring Tarnished Edition datorren urtean merkaturatuko da.

 

The Duskbloods ere, 2026rako

Ez da, baina, FromSoftwarek 2026an Switch 2an argitaratuko duen titulu bakarra izango. Hots, Elden Ringekin batera iritsiko da The Duskbloods.

Nintendoren gailuko esklusiboa izango da, kasu honetan. Proposamena soulslike arruntetatik aldenduko da oraingoan: jokalarien arteko borrokak —eta, lankidetza— ardatz izango dituen obra multijokalaria prestatzen dabil Hidetaka Miyazaki zuzendaria.