“Lizentzietatik urruntzeko asmoa” agertu dute. Respawn Entertainment-en Star Wars tiro jokoa bertan behera geratu da, besteak beste.
Electronic Arts erraldoiak kaleratze berriak iragarri ditu. Berezko estudioetako 670 langile inguru kanporatzeko asmoa agertu du: lantaldearen % 5 suposatzen du.
Berregituraketa plana egiteko asmoa dauka EAk. Taldea “gure industria aldatzeko aproposak ez diren IP lizentziadunetatik urruntzen ari da”, azaldu du Andrew Wilson EAko presidenteak prentsa ohar ofizialean.
Norabide aldaketa bortitza, EA lizentzia anitzetatik eratorritako bideojokoetan oinarritutako argitaletxea bilakatu baita azken urteotan. Marvel komikietako Iron Man eta Black Panther superheroien tituluak prestatzen dabiltza, adibidez, Star Wars unibertsoaren zenbait lanekin batera.
Horietako bat bertan behera utziko dutela azpimarratu du: Respawn Entertainment garatzen ari zen Star Warsen lehen pertsonako tiro jokoa desagertu da, Laura Miele EA Entertainment-eko buruak jakitera eman duenez.
Ez da kaleratzea izan berez, baina Battlefield jokoen zuzendari Marcus Lehto-k EA utzi zuela ezagutu dugu asteon. Horren harira, Battlefield frankiziaren antokaluntzan berregiturak egiteko asmoa erakutsi dute arduradunek: hasteko, BFren kanpainak garatzeaz arduratzen zen Ridgeline Games itxi dute. Lehto estudio honetako burua zen.
Gailu mugikorretako bideojokoak bertan behera utzi dituzte, gainera. The Lord of the Rings: Heroes of Middle-earth aipatzen dute, baita F1 Mobile Racing eta MLB Tap Sports kirol jokoak ere.
Hazkundea pandemian
2020. urtetik EAn emandako hazkundea ere nabarmendu behar da; izan ere, pandemia aurretik 9.800 langilek osatzen zuten lantaldea.
2023an, berriz, 13.400 langile zenbatzen zituzten ofizialki. Pandemia garaian bideojokoen industriak izandako eztandari lotu ahal zaio igoera.
Iazko joera jarraituz
Albistea 2023an Electronic Artsek egindako kaleratze anitzen ostean dator: 1.000 langile baino gehiagoren irazpenak biltzen ditu Game Industry Layoffs webguneak.
Azken kaleratze hauei Sony Interactive Entertainment-enak gehitu behar zaizkie: atzo ezagutu genuenez, 900 langile kanporatuko dituzte. 2024an 7.800 kaleratze inguru ezagutu ditugu jadanik.
Iruzkinak