PlayStation-en lantaldearen % 8 iraitziko dute. London Studio desagertuko da.

900 langile kanporatuko ditu Sony Interactive Entertainmentek. Horrela iragarri du Jim Ryan SIEko presidente eta zuzendari exekutiboak enpresaren atarian.

Egozpenek nazioarteko hainbat estudiori eta talderi eragingo diote; zehazki, PlayStationen lantalde osoaren % 8 kaleratuko dute.

“Gure mundu osoko lantaldea % 8 murrizten hasteko plana iragartzeko erabaki gogorra hartu dugu”, adierazten du Ryanek prentsa oharrean. Langileei bidalitako mezuan, berriz, “ziztu bizian eraldatzen ari den industrian” bizirauteko erabakiak azpimarratzen ditu presidenteak, “eraldatzen ari den ikuspegi ekonomikoa, garatzeko, banatzeko edo argitaratzeko bidean emandako aldaketak eta erakundea etorkizunerako prest egotea ziurtatzea” aipatuz.

Erabakiaren ondorioak jasoko dituzten taldeen artean London Studio nabarmendu behar da: Londresko garatzaileen estudioa guztiz desagertuko da. Aurretik The Getaway bezalako lanak garatu zituzten Team Soho izenarekin; azken urteotan, berriz, Singstar frankiziako tituluak edo VR jokoak sortzen ibili izan dira.

Hurrengo proiektua zerbitzu jokoa zen: fantasiazko Londresen girotutako akzio kooperatibodun multijokalaria prestatzen zebiltzan London Studiokoak.

PlayStationek 2021ean bereganatutako Firesprite estudioak, bestalde, lantaldea murriztuta ikusiko du, eta garatzen zebiltzan titulua bertan behera geratu dela ezagutu dugu Bloomberg-en eskutik: Twisted Metal berria sortu behar zuen Liverpoolgo taldeak.

Naughty Dog, Insomniac Games eta Guerrilla Games erraldoietako langileak ere kaleratuko ditu SIEk. Azken jokoen arrakastak ez du balio izan Sonyko arduradunek taldeek orain arte bezala mantentzeko; ez da harritzekoa, txakurren kasuan behintzat, The Last of Us Online bertan behera geratu baitzen orain hilabete batzuk.

Hermen Hulst PlayStation Studios-ko arduradun nagusiak beste idatzi batean aipatu duenez, egoitzak AEBetan dituzten estudioetan kaleratzeak jazo dira jada; europar zein japoniar taldeetako kideak, berriz, datozen hilabeteetan jasoko dituzte kaleratze gutunak, “tokiko legeak eta arauak bete ondoren”.

 

Salmentak, behera

Kaleratzeak PlayStationekoen azken finantza txostenean azaldutakoen ondorio zuzena direla pentsa daiteke. Hiroki Totoki PlayStationeko presidenteak —Jim Ryanen lekua hartuko du apirilean behin betiko CEOa izendatu arte— PS5aren salmentak espero baino kaxkarragoak izan direla aldarrikatu zuen, eta salmenten aurreikuspenak jaitsi egin zituzten, enpresaren akzioak beheratuz.

2024ko zerga urtean PlayStationen IP handien obra berririk ikusi gabe geratuko ginela adierazten zen, gainera, txosten berean: estudio handien nahiz txikien lantaldeak murrizteko aitzakia aproposa, hortaz.

 

7.100 kaleratze 2024an

Urtea gogor hasi da bideojokoen industriarentzat. PlayStationeko 900 langileei beste 6.000 kaleratze baino gehiago gehitu behar zaizkie: Xbox, Activision Blizzard, ZenimaxRiot GamesUnity, Thunderful, CI Games, Twitch eta Discord taldeetako lantaldeak murriztu dira, beste askoren artean.