Emakumeen Nazioarteko Egunean horrenbeste maite dugun bideojokoen munduan lan egiten duten izenik esanguratsuenak ozen ezagutzera eman gura izan ditugu.
Industriaren hastapenetatik egon dira bideojokoekin zein hauen inguruko gailuekin lanean: Atari 2600 mitikorako tituluak eratzen zituzten Carol Shaw eta Carla Meninsky, LittleBigPlanet zoragarriak diseinatu nahiz sortu zituen Siobhan Reddy eta Capcom-en nahiz PlatinumGames-en hainbat lanetan —Okami edo Bayonetta, adibidez!— atal estetikoari gorputza eman zien Ikumi Nakamura artista dira, beste askoren artean, bideojokozaleek behar bezainbestetan entzun ez ditugun, baina ezagutu beharko genituzkeen izenak.
Aipatu ditugunak ez dira obra txikiak izan, agerikoa denez: gehienok jokatu ditugun bideojokoetan parte hartu dute garatzaile horiek. Horrenbeste haur, nerabe zein heldu harritzea eta liluratzea lortu duten lanak. Hori dela eta, bideojokoen historian murgildu gara emakume garatzaileetako batzuen ibilbidea errepasatzeko. Has gaitezen!
Roberta Williams
Roberta Williams testu bidezko abenturen zalea zen gaztetan: 70eko hamarkadan ez zegoen halakorik proposatzen zuen bideojokorik. Ken senarra ezagutu zuenean hasi zuen horiek garatzen hasteko bidea; izan ere, Sierra On-Line enpresa ezagunaren sortzailea izan zen Williams. Bai, Gabriel Knight, Leisure Suit Larry edo Quest for Glory abentura grafikoen estudio berbera.
Williams marketing sailean lanean hasi bazen ere, ez zuen denbora luzerik beharko garapenera igarotzeko. 1984an argitaratu zuen bere obrarik ezagunena: King’s Quest saga mitikoaren lehen atala. Zazpi jarraipenetan ere parte hartu zuen garatzaileak; aurretik, baina, The Dark Crystal edo Mistery House bezalako tituluetan aritu zen diseinatzaile lanetan.
2014an The Game Awards ekimenaren “Industry Icon Award” saria jaso zuen bere senarrarekin batera egindako ibilbide ikaragarriagatik. Euskarazko Wikipedian Williamsi buruzko artikulu sakona irakur dezakegu, gainera.
Kinu Nishimura
Marrazkilarien eremuetan sartzera goaz orain. Zer partekatzen dute Cadillacs & Dinosaurs, Darkstalkers, Zero Escape, Capcom vs SNK, Dungeons & Dragons: Shadow Over Mystara edo Code of Princess bezalako jokoek? Obra bikainak izateaz gain, euren pertsonaien ikaragarrizko diseinuak, noski! Guztiak artista bakarraren eskuetatik jaio dira: Kinu Nishimurarenetatik, hain zuzen ere.
1991. urtean Capcomen lanean hasita, bere estilo bereziak zaleen begiradak erakartzea lortu zuen hasieratik. Diseinu benetan maitatuak eratu izan ditu —zalantzarik gabe, Capcom vs SNK 2-n CAP estiloak hautatzeko zergati nagusietako bat niretzat— hainbat eta hainbat klasikotan. 2008an estudio japoniarretik alde egin zuen, baina ordutik hona beste zenbait titulutan lan egiteko aukera eduki du. Beste behin, Wikipediako lagunek Nishimuraren ibilbidea azaltzen duen artikulua prestatu dute.
Lucy Bradshaw
Bideojokoen industriako beste izen handietako bat da Bradshawrena. Electronic Arts-en Maxis estudioko arduradun nagusia izan 2015era arte; horra iritsi aurretik, ordea, Maxisen, eta, orokorrean, mundu honetako frankiziarik ezagunenetakoaren ekoizlea izan zen. The Sims sagari buruz gabiltza.
Hainbat urtez familien eta etxeen kudeaketa joko maitatuaren buruzagia izan zen Bradshaw. Ez da harritzekoa: Will Wright-ekin The Sims prestatzen hasi baino lehen SimCity frankizian ere lan egin baitzuen, 1999. urteko SimCity 3000 ikaragarrian hasita. Atzo hamargarren urteurrena bete zuen SimCityren berrabiatzean ere aritu zen —zaleek gorroto duten hartan—.
Michiru Yamane
Bideojokoen mundu ikaragarriek harrapatzea lortzeko, soinu banda aparten laguntza ezinbestekoa izan ohi da. Konami-ren Castlevania sagak sekulako doinuak dauzka; ziurrenik, Symphony of the Night-ekoak dira oroituenak —jokoa maisulan hutsa izateak ere laguntzen du, noski!—. Horiek sortzeaz arduratu zen Michiru Yamane musikagile japoniarra. Sarrerako abesti ikaragarria, Dance of Gold, I am the Wind… a ze nolako soinu banda!
SotN bere lanik ezagunenetakoa izan arren, Yamanek zenbait Castlevaniatako musika eratu zuen: berenak dira, esaterako, Order of Ecclesia, Lament of Innocence zein Bloodlines ataletako abestiak. Bestelako frankizietan aritutakoa da japoniarra; adibidez, Suikoden jokoen hirugarren eta laugarren ataletan.
Jade Raymond
Ezin daiteke bideojoko garatzaile esanguratsuenen zerrenda idatzi Jade Raymond kanadiarra kanpoan utzita. Ubisoft Montrealgo buru izanik, Assassin’s Creed sagari forma eta itxura eman zion: asasionen 1. eta 2. jokoetako ekoizlea izan zen Raymond. Ez hori bakarrik: gauza bera egin zuen Watch Dogs frankiziarekin.
Ubisoft Toronto estudioa eratzeari ekin zion, gainera, azkenaldian han eta hemen ibili bada ere: Star Wars Battlefront II-ren berregitean lan egiteko Electronic Artsetik igaro ondoren —han hasi zen bideojokogintzan, 2002an— Google-n Stadia Games & Entertainment arduradun kargua eduki zuen.
Gaur egun berezko estudioa dauka: Haven Entertainment. Nahiz eta oraindik bideojokorik kaleratu ez duten, PlayStation-ekoekin elkartu da lehen titulua prestatzeko.
Kim Swift
Inoizko bideojokorik onenetakoaren sorrera Swifti eskertu behar zaio. Redmongo DigiPen ikastetxean zebilela Narbacular Drop izeneko proiektua garatu zuen: portalak erabiliz puzzleak gainditzea zuen ardatz. Proposamen ezaguna, ezta? Bideojokoa Valve-ri erakutsi zion, Gabe Newell-en arreta erakarriz, eta bi Portal maisulanen garapenari hasiera emanez: tituluon diseinatzaile nagusia izan zen.
Valven lanean hasterakoan, baina, bideojokogintzan trebatzeko Half-Life 2: Episode One-n garapenean lagundu zuen; gainera, Left 4 Dead-en zein bere jarraipenaren garatzaile taldeetako arduraduna izan zen. Gaur egun Xbox Game Studios-eko kidea da: zehazki, Xbox Cloud-eko zuzendari kargua du Swiftek.
Agnes Larsson
LadyAgnes da, ziurrenik, gaur egungo Minecraft garatzaile ezagunena. Mojang estudioan 2016an lanean hasita, munduko bideojokorik arrakastatsuenaren Java bertsioan era guztietako berritasunak inplementatu zituen: dortokak, izozmendiak, llamak edo pandak Larssoni esker daude gure mundu birtualetan.
Esperientzia hartzen joan ahala garatzaileen artean indarra hartuz joan zen: garapen manager, jokagarritasun garaitzaile zein hauen arduraduna izan da; gaur egun Minecrafteko Vanilla bertsioaren zuzendari nagusiaren kargua dauka LadyAgnesek. Txantxarik ez honekin.
Garapen lanetan ibiltzeaz gain, Mojangeko ordezkari kargua ere hartu izan du: ohikoa izaten da Larsson jokoaren aurkezpenetan eta bideotan ikustea azalpenak ematen eta zaleekin batera parte hartzen.
Tomoko Hiroki
Zoragarria da Dragoi Bolaren azken bideojokorik onenetakoaren aurpegia emakumezko batena izatea. Tomoko Hiroki Dragon Ball FighterZ ikaragarriaren ekoizlea da, eta honen garapenean murgilduta ibili izan da hasieratik. Ez da gutxiagorako: Hirokik borroka jokoetan duen iaiotasuna erakutsita, fitxatze aproposa izan da Arc System Works eta Bandai Namco estudioentzat.
Behin eta berriz erakutsi du hori, bai txapelketetan parte hartuz, bai FighterZren berritasunak eta eguneraketaz aurkeztuz. Hirokik zaleen begirada guztiak erakartzea lortu du erakutsitako pasioagatik, borroka joko sarituaren iragarpenak bera gabe egitea irudikatzea ezinezkoa izateraino.
Azken honen borroka jokoei lotuta dago Hirokiren ibilbidea: SoulCalibur sagarekin hasita, Dragoi Bolaren Xenoverse tituluetan ere parte hartu du, baita Oliver Atom futbol jokalariaren azken Captain Tsubasa: Rise of the New Champions-en ere.
Yas Goiburu
Nazioarteko sortzaileak aipatu ditugu behin eta berriz, baina etxean ere bideojokogintzan dabiltzan emakumeak daudela nabarmendu behar da. Game Erauntsian hainbat aldiz hitz egin dugu Bilboko Main Loop eta Relevo estudioen bideojokoez. Horietako pertsonaiak diseinatzen aritakoa da Yas Goiburu: Itadaki Smash beat ‘em up dibertigarri eta koloretsuko protagonistak sortu ditu, adibidez; are gehiago, bideojokoa euskaraz badago, Goibururen lanagatik izan da.
Treasure Rangers berezian zein ederrean lan eginez hasi zuen bere ibilbide profesionala: puzzle eta plataformen jokoan lau protagonista gazte kontrolatu beharko ditugu aurrera egiteko.
Alba Rodriguez
Zerrendarekin bukatzeko ezinbestekoa da orain bi urte elkarrizketatu genuen Alba Rodriguez berriz aipatzea. Munduko bideojoko sagarik handienetakoaren 3D animazioa jorratzen ibili da barakaldarra: Creative Assembly-ren Total War frankizian, hain zuzen ere. Zehazki, Troy atalean zein bere eduki gehigarrietan ibilitakoa da garatzailea.
Bulgariako estudioan lanean aritu ondoren, gaur egun CAk Erresuma Batuan duen lantaldean dago Rodriguez.
Bideojokoen munduari ekarpenak egin dizkieten zein gaur egun egiten ari diren emakumeen jarraipena hemen utziko dugun arren, ez dago esan beharrik askoz gehiago direla egunero gure zaletasun hau hedatzen laguntzen ari direnak. Beste emakumeren bat aipatu nahi izanez gero, asko eskertuko genizueke: bota zuon proposamenak iruzkinetan zein gure sare sozialetan. Eskerrik asko bihotzez!
Erlazionatutako edukiak:
Iruzkinak