Fall Guys-en Mediatonic estudioko langileak daude eragindakoen artean: “sarraskia” dela aldarrikatu dute.
Epic Games enpresak bere plantillaren % 16 iraitzi du. Horrela iragarri du Unreal Engine garapen motorearen, Fortnite-n zein Epic Games Store saltokiaren jabeak, beste hainbaten artean.
Berria Bloomberg agerkariak aurreratu du; dirudienez, atzo goizean hainbat langilek euren Slack plataformarako sarbidea galdu zuten. Zerbait gertatzen ari zenaren seinale.
Hortik gutxira Epiceko langileek Tim Sweeney zuzendariaren mezua jaso zuten: “Aspalditik irabazten duguna baino gehiago xahutzen ibili gara, Epicen hurrengo eboluzioa finantzatzen eta Fortnite sortzaileentzako metabertso moduko ekosistema gisa hazten”. Helburu hori “kaleratzerik gabe” betetzeko itxaropena zeukatela dio zuzendariak, baina orain, atzera begiratuz, “ez zela errealista” azpimarratu du.
Fornite “berriz hazten ari dela” dio Sweeneyk, baina hazkundea “sortzaileen edukiengatik eman dela nagusiki”. Horri lotuta, sortzaileekin partekatzen duten etekina nabarmentzen du zuzendariak. “Sortzaileen ekosistemarekin emandako arrakasta lorpen handia da, baina aldaketak handiak dakartza gure alderdi ekonomikoan”.
Aldaketok, esan bezala, iraizpenak suposatuko dituzte: guztira 830 langile kaleratuko ditu Epicek. Sweeneyk dioenez, horietatik bi heren “talde nagusietatik kanpoko kideak” dira.
Oraindik informazioa azaleratzen dabil, baina kaltetutako estudioetako bat Mediatonic da: Fall Guys entzutetsuaren sortzailea, alegia. Talde britainiarrak ez du adierazpen ofizialik egin, baina zenbait langilek jazotakoa zabaldu dute euren sare sozialetan. Max Boyle sortzaileak estudioko bulegoetan jarritako mezua zabaldu du: “Sarraskia”.
Sweeneyk Mediatoniceko langileei bidalitako mezu elektronikoan Fall Guysen lanean jarraituko dutela adierazten du. Ez dute zehaztu Mediatoniceko zenbat garatzaile geratuko diren kale gorrian. Epic Gamesek 2021ean bereganatu zuen Mediatonic.
Fortniteri dagokionez, bere estudio nagusiak aurrera jarraitzen du. Hori bai, ez da adierazi zenbat langile galdu dituen.
Epicetik kalte ordainak agindu dituzte; izan ere, kanporatutako garatzaileek eta sortzaileek sei hilabeteko ordainak jasoko dituzte.
Epic Games bideojokoen industriako enpresarik nagusienetakoa da. Unreal Engine garapen motorea bideojokogile handienek erabiltzen dute gaur egun; Epic Games Store saltokia guztiz abiatu ez bada ere, 400 milioi erabiltzaile ditu; bukatzeko, Fortnite, Rocket League edo Fall Guys bezalako erraldoiak ditu enpresak.
Iruzkinak