Windows eta Android bertsioak kaleratu ditu Ashkorax Videogames garatzaileak: euskaraz ariko gara bietan.

Karta sorta sortzaileen bideojokoen aroaren baitan, kirolak eta karta jokoak uztartzen dituzten tituluen eztanda ikusten gabiltza egunotan. Futbola edo saskibaloia oinarri hartzen dituztenen ostean, esku pilotaren txanda da: Esku Pilota Card Game estreinatu du Ashkorax Videogames sortzaileak.

Bakarkako garatzaileak, “futbol jokalarien kartez gogaituta”, semeari eskainitako bideojoko xumea garatzen hasi zen. Dioenez, “ideia handirik gabe”, Godot iturburu askeko garapen motorea hartu zuen titulua prestatzerakoan, ikasteko asmoarekin, azkenean korapilatuta bukatzeko.

Jokoaren webgunean aurkituko dugu Esku Pilota Card Game, guztiz debalde, Windows eta Android gailuetarako; are gehiago, jokoa euskaratuta argitaratu du sortzaile euskaldunak.

Jokoa eratzerakoan, benetako pilotariak hartzen ditu jokoak: hauekin eratutako kromo edo karta faltsuak biltzeari ekin beharko diogu, ondoren, txandakako estrategia borroketan parte hartzeko. Jokaldi bakoitza hasterakoan, pilotari karta eta trebetasun karta bana aukeratu beharko ditugu: jokalariaren estatistikei trebetasun kartak eskainitako ahalmenak eta ezaugarriak gehituko zaizkio, ostean, dadoa jaurtita, puntu estrak gehitzeko.

Gureak hautatuta, aurkariak egindako konbinazioaren aurka egin beharko dugu: bi erabiltzaileen jokaldiak alderatu ondoren, puntu gehien dituenak irabaziko du tantoa. Lau eta erdiko zein buruz buruko norgehiagokak proposatzen ditu bideojokoak. “Aurkitu konbinazio bereziak, pilotako figura handietan inspiratutako jokaldi bortitzak, eta eraiki zure bilduma propioa Esku Pilota Card Game-ko jokalaririk onena bihurtzeko”, diozku Ashkoraxek.

Partidetan eskuratutako diru birtualarekin erosi ahalko dira karta gehiago. Hauetan jokalariei buruzko oinarrizko informazioa eta datuak ikusiko ditugu. Sortzailearen azken helburua sortutako jokoa “jendeak probatzea” da; aldi berean, “norbait pilota mundura hurbildu badaikete” poztekoa izango litzatekeela aldarrikatu du egileak.

Esan bezala, karta sorta sortzaileen bideojokoak indarra hartzen dabiltza. Slay the Spire da, ziurrenik, ezagunenetakoa, baina euskaraz Balatro zein Clutchtime: Basketball Deckbuilder bikainak aurki ditzakegu Esku Pilota Card Gamekin batera.

Windows eta Android gailuetan joka daiteke Esku Pilota Card Gamen: garatzaileak prestatu duen webgunetik jaitsi dezakegu.