Partaideek gainerako sortzaileen tituluak bozkatu dituzte. Jokoak hiru kategorien artean baloratu dira: aurkezpena, dibertigarritasuna eta originaltasuna.

Lehenengo Euskal Game Jama igaro da, baina azken egunotan partaideak beste zeregin batean ibili dira buru-belarri: bozkatzen. Astebetez jokorik interesgarrienei puntuak ematen aritu ondoren, bozkatuena ezagutu dugu. Euskal mitologian barneratzen gaituen Arimen Gauak jaso ditu boto gehien, 4.227 puntu eskuratuta.

Bozkaketan parte hartzea Euskal Game Jameko sortzaileei mugatuta egon dela azpimarratu beharra dago; hau da, jokoak eratu dituztenek gainerakoen lanak baloratzen ibili dira. Ez da saririk egon tartean: egindako lana goraipatzeko eta miresteko asmoarekin antolatu da boto ematea.

Julen Irazoki Oteiza programatzaileak, Mikel Dale Etxebarria musikagileak eta Jone Areizaga Etxebeste, Noah Corcuera Sinobas zein Xabier Barcina Neiro artistek elkarlanean sortutako mundutxoak, izenak dioen bezala, arimen gauera eramango gaitu. Herritarrek festa ganoraz ospatzeko euskal folkloreko izaki desberdinetan bilakatu nahi dute; guregana joko dute hori lortzeko, edabegile trebeak baikara.

Bezero bakoitzaren eskaria entzutea eta edabea prestatzea da joko txikiak proposatutakoa. Osagai desberdinak erabilita gizotsoetan, herensugeetan, akerbeltzen edo bestelako pertsonaietan itxuraldatzeko edariak prestatuko ditugu; horiek sortzeko ezinbestekoa da errezeta liburuan agertzen diren pausoak zehatz-mehatz jarraitzea. Noski, azkar ibili beharko gara bezeroak pozik mantentzeko.

Orokorrean puntu gehien jaso dituen titulua da Arimen Gaua, baina hiru kategoria nagusiren artean bozka zezaketen partaideek. Aurkezpena, dibertigarritasuna eta originaltasuna baloratzera animatu ditugu garatzaileak.

Aurkezpenik onenari dagokionez, atal grafikoa, musika, efektuak eta jokoaren itxurari lotutako edozein elementu baloratzea nahi genuen. Gauekoen Oldarra tiro jokoa izan da irabazlea kategoria honetan 4.818 punturekin: Julen Urrutia eta Xabier Urrutia anaiek Gorka Elgezabal programatzailearekin batera sortutako lana.

Gauekoei aurre egitea izango da helburu nagusia akziora jauzi egiten duen tituluan. Saguarekin —edo hatzekin, mugikorrean jokatuz gero— apuntatzen eta tiro egiten ariko gara izaki beldurgarriak akabatzeko. Azkar ibiltzea ezinbestekoa da, hiru munstro gure alderdira igaroz gero partida bukatuko baita; zorionez, lana errazteko bonba suntsigarriak erabil ditzakegu.

Dibertigarritasunaren saria arestian aipatutako Arimen Gauarentzat izan da. Ez da harritzekoa: proposamena oso sinplea da, baina berezoak mantentzeko lana benetan dibertigarria egiten da.

Euskal Game Jameko lanik originalenaren saria, bukatzeko, KlaustroFobiak eraman du, 4.364 punturekin gainerakoengandik nabarmen nagusituz. Martin Etxebestek, Oier Hernandezek eta Aimar Zubimendik osatutako taldeak jokagarritasun aldetik sinplea den jokoa, baina atzean sekulako lana daukana eratu du 48 ordutan.

Bi dimentsioak eta hiru dimentsioak elkartzen dituen borroka jokoa dugu: zonbie munstroak hiltzeko dimentsio batetik bestera igaro beharko gara botoi bakarra sakatuta.

Ezin gara gainerako proiektuez ahaztu, baina: Bizitzabaltzen, KirikiGO, Kolore, Katu kontuak, Nazka, Azenarioa Abentura, Hizki2Hitz, Etxea eta Katarsi jokoek ikaragarrizko maila erakutsi dute. Asteburu bakarrean —baina ondo aprobetxatutakoan— sortutako joko guztiak hemen aurkituko dituzu.

 

Euskarazko bideojokoen zerrendara!

Euskal Game Jamean parte hartzeko oinarrizko baldintza bideojokoen munduan euskara sustatzearena zen. Horretarako, partaideek gure mintzairan argitaratu behar zituzten sortutakoak. Nola ez, horrek gure euskarazko bideojokoen atalean lekutxoa merezi dutela esan nahi du: bertan aurki ditzakezue oraindik aurrera!

Gaur gehitutakoekin 147 dira zerrendan bildutako jokoak: 2023an 36 gaineratu ditugu. Urtea bukatzeko gutxi falta da... baina zorte pixkatekin euskaratutako obra gehiago jasoko ditugu.