Azaroaren 17tik 19ra bitartean bideojokoak euskaraz sortu beharko dituzte partaideek. Izen ematea abian da: aurrez aurre zein online parte har daiteke.
Game Erauntsia Elkarteak Euskal Game Jama aurkeztu du Zomorro Studiorekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzeko ekimena izango da.
48 orduko epean bideojoko bat sortzeari ekingo diote euskara hutsean egingo den lehen Game Jameko parte hartzaileek. Azaroaren 17an 18:00etan hasiko da sormen prozesua; bi egun ondoren, azaroaren 19an, proiektuak bukatuta eta itch.io plataforman argitaratuta eduki beharko dituzte.
Euskal bideojoko sortzaileek elkar ezagutzeko espazioa
Bideojokogintzaren munduan horren ezagunak egin diren Game Jam ekimenak Euskal Herrira hurbiltzea bilatzen dugu; izan ere, parte har dezaketen bideojokoen garapenaren munduan murgiltzen dabiltzan geroz eta euskaldun gehiago dago azken urteotan.
Zoritxarrez, askok ez dute elkar ezagutzeko gunerik. Hori dela eta, Game Jamarekin euskal bideojokogintzako hasiberriak nahiz profesionalak elkartu gura dira, eta, aldi berean, euren gaitasunak ezagutarazi nahiz elkarrengandik ikasteko espazioa eraiki.
Espazio hori fisikoa zein digitala izango da. Bilboko Bizkaia Aretoa UPV/EHUn aurrez aurre parte hartzeko aukera dago; horrez gain, nahi duenak etxetik ekin diezaioke bideojokoaren sorkuntzari.
18 urtetik gorako bideojokogileentzat
Izen ematea abian da. Partaideek Game Erauntsiaren webgunean sartu eta eskatutako datuak idatzi beharko dituzte. 18 urtetik gorako pertsona orok doan parte har dezake; halere, bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak edukitzea nahitaezkoa da. Arau eta baldintza guztiak izen emate fitxan aurkitzen dira.
Bideojokoa bakarka nahiz taldeka garatzeko aukera dago. Gehienez bost kideko taldeak onartuko dira. Taldekideak bilatu nahi dituenak hori egiteko aukera dauka: izen ematearen fitxan edo Game Erauntsiaren Discord zerbitzariko Euskal Game Jam txatean taldea sortzea proposa dezake.
Ekimen osoa euskara hutsean egingo da, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko dira. Hori dela-eta, gutxienez talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakitea eskatuko da. Hizkuntza gehiagotan egon daitezke, bai Game Jamean, bai honen ostean.
Ez da materialik eskainiko bideojokoa sortzerako orduan. Partaideek beren ordenagailuak eta tresnak erabili beharko dituzte. Gauza bera gertatzen da jokoaren baliabideekin edo asset-ekin: proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak, eta abar norberak sortutakoak edo litzentzia askekoak izan behar dira.
Euskal Game Jamerako aproposak izan daitezkeen baliabideen eta tresnen zerrenda aurki daiteke hemen. Dena den, bestelako erremintak ere erabil daitezke, aipatutako ezaugarriak betetzen badituzte.
Bideojokoen sorkuntzari hasiera eman aurretik gai orokorra proposatuko da antolakuntzatik. Horri lotutako obra garatu beharko dituzte partaideek; hala ere, askatasuna eta irudimena izango dira nagusi.
Eratutakoez gozatuz
Ekimena kudeatzeko itch.io bideojoko plataforma erabiliko da. Partaideek bertan irekitako Euskal Game Jamaren atal berezira igoko dituzte euren lanak. Argitaratutako jokoak itch.iotik deskargatzeko aukera izango du publikoak.
Sormen epea bukatzerakoan garatutako tituluak aurkeztuko dira. Partaideen artean bozketa abiatuko da, gainera: beste proiektuak bozka ditzakete hiru kategorien artean hautatuz: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena eta jokorik dibertigarriena.
Hitzaldiak
Game Jama abiatu aurretik, gainera, antolatzaileek prestatutako hitzaldiak entzuteko aukera egongo Bilbo Bizkaia Aretoa UPV/EHU egoitzan. Bideojokoei lotutako aurkezpenotan Game Jamean parte hartzeko ideiak emango dira, baita Euskal Herriko sortzaileak ezagutu ere.
Alde batetik, Zomorro Studio bideojoko garatzaile taldeko Ibai Aizpuruak Euskal Game Jama aurkeztu, eta gainerako Game Jametan izandako ibilbideari buruz hausnartuko du. Horretaz gain, Game Jam batean lehen aldiz parte hartuko duten sortzaileei aholkuak eta gomendioak eskainiko dizkie.
Beste aldetik, Edurne Larraza UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia saileko irakasleak bideokontsolen barnealdean sakonduko du, konputagailu baten sarrera/irteera azpisistemaren kontrola azalduz.
Animatu!
Esan bezala, edonork parte har dezake, bideojokoak sortzeko gutxieneko ezagutzak dituen bitartean. Bakarka edo taldeka, ez galdu zure zaletasunaz gozatzeko eta bizipenak partekatzeko aukera hau!
Iruzkinak