Gure Minecraft zerbitzarian ibili zaretenok jakingo duzuen bezala, jokoan Euskal Herriko hiriburuak ditugu eraikita. Hori bai, hiri horiek ez ditugu euren benetako kokapenetan jarri. Esate baterako, Bilbo uharte batean kokatuta dago. Une honetan mapa nahiko txukun dagoen arren, berriki proiektu bat jarri dugu martxan errealismo handiagoa izan dezan lortzeko.
Lurrazalaren modelo digitala Europar Batasunaren Copernicus proiektutik deskargatu eta jokoan sartu dugu (jokoak ez du aukera hori ematen, baina hainbat erreminta erabiliz lortu dugu). Beraz, hemendik aurrera, gure Euskal Herri birtualak benetakoaren topologia bera izango du. Mapak 20.000x20.000 bloke inguruko tamaina dauka eta 1:8 eskalan dago.
Gure ustez, emaitza oso txukuna da, baina, zoritxarrez, Minecraften altuera muga dela eta, mendi altuenak ez dira osorik ikusten (gailurrik gabe ikusten dira). Arazo hori konpontzeko eskala txikitu ahal zen arren, baztertu egin dugu, mapa oso txikia geratzen baitzen eta beraz, ez zegoen eraikitzeko nahiko lekurik. Aurrerago muga hori aldatzen bada, mapa zuzentzen saiatuko gara.
Orain lurrazala badugu, baina hori bete egin behar da. Guk zenbait eraikin ekarri ditugu mapa zaharretik, baina oraindik asko dago egiteko. Jokalariek mapa pixkanaka osatzen joatea da helburua. Animatuko zara zerbitzarian sartu eta zure herria eraikitzera?
Dagoeneko mapa martxan dago zerbitzarian, eta beraz, betiko telegarraiatze menua erabil daiteke hirietara joateko. Gainontzeko tokietara oinez joan zaitezke, edo administratzaile bati laguntza eskatu. Edozein herritara erraz joateko moduko sistema bat garatzen ari gara (prest dagoenean abisatuko dizuegu).
Jokoan sartu gabe ere ikus daiteke mapa, hain zuzen ere, orrialde honetan. EH berriaz gain, aurrekoa ere ikus dezakezue eskuineko menua erabiliz. Gainera, mapa zaharra 3D efektuarekin ikus daiteke (espero dugu berria ere laster horrela ikusteko moduan egotea).
Oharra: Prozesuari buruzko xehetasun teknikoak nahi badituzu, idatzi iruzkinetan.
Iruzkinak