npckc sortzailearen bideojokoak animalien denda zaintzen jarriko gaitu. Basajaun Games arduratu zen jokoaren lokalizazioaz.

PlayStation, Nintendo Switch eta Xbox kontsolek a pet shop after dark indie abentura ikusiko dute azaroaren 12an. Ofizialki euskaraz joka daitekeen beldurrezko abentura narratiboa da.

2022. urtean kaleratu zen PCan; urtebete beranduago, Basajaun Games talde bilbotarrak prestatutako euskaratzea jaso zuen, ofizialki gure hizkuntza inplementatuta. Itzulpen horixe bera izango da orain kontsoletan gozatuko duguna.

Point and click estiloko abenturaren aurrean gaude, aspaldiko abentura grafikoak gogorarazten dituen obra txikia izanik. Animalia dendako langile izanik, saltokia zaintzeari ekingo diogu, gauez zein egunez: landareak ureztatzen, animaliak elikatzen… ohiko zereginak proposatuko zaizkigu, baina, atzean, zerbait beldurgarriagoa ezkutatzen da.

npckc sortzaileak dioenez, kontsoletarako bertsioek hainbat berritasun dakartzate: “Jokagarritasuna berrirudikatu” dela dio, “esploratzeko gauza berriak gehituta”. Steam saltokian balorazio oso baikorrak bildu dituen titulua izanik —askotariko sariak ere lortu ditu—, ospatzekoa da halakoak euskaraz jasotzea.

Basajaun Gamesko arduradunak larunbatean egongo dira gurekin Jokoteknia jardunaldien IX. edizioko azokan. Taldetik euskaratutako bideojokoak ezagutaraziko dituzte, tartean, ezustekoren bat edo beste aurkeztuta.

a pet shop after dark azaroaren 12an argitaratuko da PlayStation 5, PlayStation 4, Switch eta Xbox Series gailuetan. PCan joka daiteke dagoeneko.