Life Light eta Project Souls PC-rako proiektuak dira; Field Defense eta Coliseum Jump, berriz, Android-erakoak.

Game Erauntsian euskarazko bideojokoen zerrenda badugu ere, ihes egin dizkiguten lanak ezagutzeko aukera dugu noizean behin. Horixe bera gertatu da Ibai Baglietto garatzaile eibartarraren tituluen kasuan; izan ere, gure hizkuntzan joka daitezkeen lau bideojoko argitaratu ditu sortzaileak. Onena? Doakoak direla.

Life Light, Project Souls, Field Defense eta Coliseum Jump dira aipatutako tituluen izenburuak. Laurak Unity motor grafikoa erabilita garatu ditu Bagliettok.

Nahiz eta lan txikiak izan, ideia bitxiak eta bereziak proposatzen dituztela nabarmendu beharra dago. Bakoitzak genero eta mekanika desberdinak aurkezten dituenez, goazen hauek banaka ezagutzera:

 

Life Light

Gaztelu batetik ihes egitea izango da bi dimentsioko plataforma eta akzio abentura honen helburu nagusia. Ez da erraza izango, ordea: zaldunak eta bidelapurrak akatu beharko ditugu. Horretarako botere bereziak erabiltzeko aukera edukiko du gure protagonistak, baita ezpatarekin erasotzekoa ere.

Nola ez, mekanika esanguratsuenak abilezia horien eskutik etorriko dira; izan ere, toki desberdinetako suen argia xurgatuta grabitatea kontrolatzeko ahalmena lortuko dugu.

Horri esker, kokalekuetatik nahi bezala ibili ahalko gara. Gainera, gure estatistikak hobetzeko aukera izango dugu akatutako arerioei xurgatutako argiari esker.

Puzzleak eta borrokak dira, beraz, Life Lightek proposatuko dituenak. Etsai nagusien aurkako dueluak ere biziko ditugu, bukatzeko.

Bagliettoren Itch.io webgunean aurkituko dugu Life Light: hori horrela, PCrako bideojokoa da.

 

Project Soul

Aurreko jokoaren zenbait baliabide berrerabilita sortutako txandakako RPG jokoa da Project Soul. Hiru pertsonaiz osatutako taldea kontrolatuko dugu: protagonistak —Life Lighteko berberak— ezpata, shurikenak eta arima magia ditu eskura; abenturazaleak ezpata zein arkua erabiliko ditu etsaiak akatzeko; azkenik, aztia magiaz baliatuko da aztikeri boteretsuak jaurtitzeko zein adiskideak defendatzeko.

Paper Mario bezalako jokoetan ikusi modura, eraso bereziak erabiltzerakoan komando desberdinak jo beharko ditugu: apuntatu, tximistak une egokian jaurti, geziak kargatu eta askoz gehiago egingo dugu.

Borroka bakarra biziko dugu partida bakoitzean; dena den, hau nahi bezala konfigura daiteke. Arerio kopurua, gure maila eta bestelako ezaugarriak aldatuko ditugu menu nagusian.

Life Lighten modura, Itch.io bidez eskura dezakegu Project Soul Windows-en.

 

Field Defense

Android gailu mugikorretarako jokoa dugu Field Defense. Oinarrizko mekanikak ulerterrazak eta sinpleak dira: arkua hartuta guregana datozen etsaiak akatu beharko ditugu. Tower Defense jokoen erako itxura eta mekanikak hartuta —jokoa ikusterakoan Plants vs Zombies gogoratuko duzue, ziur—.

Joko barruko dendara joanda hainbat gezi mota desberdin erosiko ditugu: etsai mota desberdinentzako aproposak izango dira, kolorearen arabera. Bestelako gezi bereziak ere badaude: bonba geziak, berehalako heriotza eragiten duten geziak eta aingeru geziak. Bukatzeko, arku berriak ere aurkituko ditugu: jaurtiketa abiadura zein mina areagotuko ditugu horrela.

 

Partida bakoitzean ahalik eta denbora gehien irautea izango da gure helburua. Joko amaigabe horietako bat da, beraz: galtzerakoan lortuko dugun diruarekin eta desblokeatuko ditugun geziekin hurrengo partida are luzeagoa izango da, trebeak bagara behintzat.

Play Store saltokian aurki daiteke Field Defense.

 

Coliseum Jump

Trebezia eta bizkortasuna dira Coliseum Jumpen ardatzak. Izenak dioen bezala, saltoka eta jauzika ariko gara: plataformen hiru errenkaden artean aukeratu beharko dugu solairu bakoitzean aurrera egiteko. Kontuz, hori bai: arantzak eta bestelako arriskuak ikusiko ditugu.

Helmugara iristen den bizkorrenak irabaziko du, noski! Hala eta guztiz ere, modalitate amaigabean lehiatzeko aukera ere badago. Hau ere Android gailuetarako titulua da; aurrekoarekin gertatu bezala, Play Store bidez deskarga daiteke mugikorrean edo tabletean.

Zelan ez, Bagliettoren lau bideojokoak asteon eraberritu dugun euskarazko bideojokoen zerrendara gehitu ditugu! Gure hizkuntzan goza daitezkeen lan guztiak ezagutzeko, pasa zaitez hemendik. Gutxi falta zaigu 100 bideojokoetara iristeko; hortaz, zerrendan ez dagoen baten bat ezagutuz gero, idatz iezaguzu.