PC eta Switch plataformetan ikusiko dugu Foreign Gnomes-en hurrengo jokoa. Mod proiektuentzako euskarriarekin ailegatuko da.

Everhood 2ren argitaratze data iragarri du Foreign Gnomes indie taldeak: martxoaren 4an biziko ditugu bere duelu musikalak.

Plataformei dagokionez, oraingoz PCrako zein Switch kontsolarako argitaratzeko asmoa daukate. Lehen atalean ikusitakoa errepikatzera datoz: Undertale ezagunaren atal estetikoa bereganatzen du RPG tituluak; borrokatzerakoan, baina, txandakako erronkak alboratu, eta Guitar Hero kutsua hartzen duten desafioak proposatuko dizkigu 100 abestiren bitartez.

Horrela, doinuen erritmora arerioen erasoak saihesten ibiliko gara, gureak noiz jaurti zain gauden bitartean. Borroken artean esplorazioa nagusituko da, gainditu beharreko ziegekin eta aurkitu beharreko altxorrekin.

Bestelako minijokoak eta probak ere ikusiko ditugu hamar ordu inguruko iraupena duen abenturan. Aipatutakoari pertsonaia eroz osatutako mundu bitxia gehitu behar zaio: umorez betetako hizketaldiak irakurriko ditugu.

Ez hori bakarrik: garatzaileek mod-entzako euskarria agindu dute gure borroka musikalak sortzeko, baita munduak nahiz istorioak prestatzeko ere.

Martxoaren 4an merkaturatuko da Everhood 2.

 

Lehena, ofizialki euskaraz

2021. urtean estreinatu zen lehen Everhood: PC eta Switch bertsioekin iritsi zitzaigun. 2023an, baina, Everhood: Eternity Edition ezagutu kaleratu zuten PlayStation eta Xbox kontsoletarako: hobetutako bertsioak David Wise (Donkey Kong Country, besteak beste), Chipzel (Super Hexagon) edo Disasterpeace (FEZ) musikagileen abestiak gehitu zituen.

Guretzako ezaugarririk garrantzitsuena hizkuntza aldetik dator, baina: euskaraz ofizialki joka daiteke Everhooden. Ander Gonzalez zaleak burutu zuen itzulpen lana: Chris Nordgren eta Jordi Roca garatzaileek kudeatutako Discord zerbitzarian jokoaren itzulpenak egiteko erremintak zeudela ikusi zuen abentura bukatu —eta gozatu— ostean.

Hortaz, euskaraz jokatzeko menu nagusiko aukeren atalera jo behar duzue bakarrik: bertan, hizkuntzen artean gurea hautatu!