Ander Gonzalezek prestatutako itzulpena PC-an zein Switch-ean gozatu daiteke. Undertale-n pausoak jarraitzen dituen lana da Chris Nordgren eta Jordi Roca garatzaileena.

Euskaratutako jokoen artean ez da ohikoa izaten RPG abenturak aurkitzea. Testu luze eta sakonak edukitzen dituzten obrak izanik, gutxi izaten dira hauek itzultzera animatzen direnak, garatzaile zein zale izan. Halere, noizean behin ezustekoren bat edo beste aurki daiteke saretik nabigatzerakoan; hori izan da, hain zuzen ere, Everhood-en kasua: musika nagusi den rol joko hau euskaratzeaz arduratu da Ander Gonzalez bideojokozalea.

Oromen Videos deitutako YouTube kanalaren sortzailea da Gonzalez. Eduki sortzaileak azaltzen duenez, “RPG estiloa eta musika borrokak atsegin” dituenez Everhood jokatzeari ekin zion. Chris Nordgren eta Jordi Roca garatzaileek sortutako abenturak Undertale eta Mother jokoen eragin handia dauka, pertsonaia anitz eta koloretsuez osatutako munduarekin.

Egurrezko panpina baten kontrola hartuko dute jokalariek bertan: gnomo urdin batek besoa lapurtu dio, eta beraz hau berreskuratzeko abentura hasiko du. Jokoaren berezitasunik esanguratsuena aurretik aipatutako borroken aldetik dator. RPG honetan Guitar Hero eta bestelako erritmo eta musika jokoen mekanikak hartuko dituzte enfrentamenduek. Horiek bizi bitartean, nola ez, askotariko ziegak eta kokalekuak esploratu beharko dira.

Gonzalezek dioenez, jokoa bukatzerakoan garatzaileek Discord zerbitzarirako gonbita luzatzen diete jokalariei. Plataformara sartu, eta itzulpenei zuzendutako gela aurkitu zuen bideojokalariak. Adierazten duenez, hasiera batean abentura gaztelerara itzultzeko asmoa zuen, baina horretan askorik lagundu ezingo zuela ikusterakoan, garatzaileei “euskarara itzultzeko aukerarik bazegoen” galdetu zien zuzenean. Baiezko erantzuna eman, eta euskaratzeari ekin zion.

Euskarara itzultzen duen lehen jokoa dela nabarmentzen du zaleak, “momentuz” behintzat. Euskaratutako jokoen artean Minecraft ezagunaren kasua ezagutzen zuen, baina are joko gehiago euskaraz gozatzeko gogoa agertu du Gonzalezek. Itzulpena burutzeko garatzaileek prestatutako Google Spreadsheet orri luzean murgildu, eta hortik euskaratzeari ekin zion; prozesuan aurrera egin ahala orria aldatzen joan dela azpimarratzen du, garatzaileak lana eguneratzen joan baitira.

“Lan gogorra” izan dela dio bideojokozaleak, baina “esperientzia benetan ona” bizi duela nabarmentzen du; etorkizunera begira “beste proiektuetan parte hartzeko prest” dago gainera.

Momentuz Everhood PCan jokatu daiteke euskaraz: Steam zein Epic Games Store saltoki digitaletan eskuratu daiteke. Horrez gain, jokoak Nintendo Switch kontsola hibridorako bertsioa ere badauka, baina “eguneraketa prest dagoenean” jokatu ahalko da euskaraz. Garatzaileek ofizialki gehitutako itzulpena izanik, ez da aparteko fitxategirik instalatu behar euskaratzeko: “jokoa irekitzean agertzen zaizun lehenengo aukera hizkuntza da, eta han beste hizkuntza handiekin erakusten dizute”.

 

Bideo-jokoekin euskaraz gozatzen

Everhood euskaratutako jokoen zerrendara gehitu den azken jokoa baino ez da. Game Erauntsia Elkartetik zerrenda hau osatzeko lanean gabiltza aspalditik: bertan elkarteko komunitateak, bakarkako zaleek zein bideo-jokoen garatzaileek euskaratutako obrak biltzen ditugu.

Azken urtean euskaraz argitaratutako edo ondoren itzulitako lan mordoa ikusi ditugu, zorionez: elkartetik euskaratutako azken jokoa Among Us ezaguna izan da, baina aurretik Space RevengeMagic TwinsNuclear BlazeSuper Woden GPThe Five CovensHyper Light Drifter, Inside edota Pile Up! Box by Box bikainak ikusi ditugu gure hizkuntzan.

Gure helburua ahalik eta jokorik gehienetara euskaraz jokatzea da. Horretarako garatzaileekin eta erakunde ofizialekin harremanak eta elkarlanak sustatzeaz gain, itzulpenak egiteko laguntza bilatzen dugu komunitatean. Bideo-jokoak itzultzeko gogotsu bazabiltza, etor zaitez gure Telegram edo Discord komunitateetara! Bideo-jokoei buruz euskaraz hitz egiteko eta elkarrekin jokatzeko lagunak bilatzeko guneak izateaz gain bestelako proiektuak abiarazteko tokia ere badira. Anima zaitez beraz!