Jokagarritasuna nagusitzen duen bideoa prestatu dute Keplerians-eko irundarrek. Ordenagailuetarako garatzen ari dira.
Keplerians taldeko arduradunek Evil Nun: The Broken Mask interesgarriaren argitalpen data zehaztu dute: urriaren 31n estreinatuko dute Steam plataforman. Bideojokoaren garapena guztiz bukatu gabe jasoko dugu, baina; izan ere, sarbide goiztiarrean merkaturatuko dute.
“Badakigu Kepleriansen jarraitzaileak joko honen zain dabiltzala aspalditik, eta bere edukiak ahalik eta azkarren eskaini nahi ditugu”, adierazi dute Steameko orrialdean. “Evil Nun: The Broken Mask sarbide goiztiarrean kaleratuko dugu jokalariek bi amaieraz eta hainbat misioz goza dezaten bideojokoaren bertsio laburtuan”. Hori esanda, falta diren atalak eta bukaera amaitzeko “denbora gehiago” behar dutela diote.
Zenbat? 2023an jokoa guztiz bukatu nahi dute irundarrek. Data zehatzik eman gabe, datorren urtean aipatutako guztiak eskaini ahalko dituzte: sei atal gehiago, garbitegiaren kokalekua eta ihesaldia. Sarbide goiztiarrean eskainiko dituzten edukiak “akatsik gabekoak eta bukatutakoak” dira, garatzaileen arabera. Hortaz, orain jokatu arren arazorik gabeko esperientziaz goza daitekeela diote.
Kaleratze egunarekin batera, bideojokoaren jokagarritasuna lehen aldiz erakutsi dute jokagarritasun trailerrarekin. Bertan sagaren ohiko mekanikak mantentzen jarraituko dutela ikus dezakegu: udaleku zaharrean bizi den moja beldurgarriarengandik ihes egiten ibiliko gara. Horretarako azkar zein isilpean mugitu beharko gara, puzzle desberdinak gaindituz.
Jokagarritasuna ikusteko lehen aldia dela esan dugun arren, ez da guztiz egia: izan ere, Kepleriansekin elkarlanean ari den Carlos Coronado garatzaileak tituluaren sorkuntza bere Twitch kanalaren bidez ezagutzera ematen du. Modu horretara, interesatuek bideojoko honen garapenaren pauso guztiak ikus ditzakete.
The Broken Mask lehen Evil Nun obraren berregitea izango da. Gailu mugikorretatik ordenagailuetara salto egin da, aldaketa nabarmena da: atal teknikoa goitik behera eraberritu dute remakea prestatzerakoan.
Evil Nun: The Broken Masken sarbide goiztiarra urriaren 31n merkaturatuko da.
Iruzkinak