2021ean EVO Online formatuarekin jarraituko dutela baieztatu dute antolatzaileek: abuztuan egingo da hainbat joko bilduko dituen lehiaketa.

Nazioarteko borroka txapelketa handiena den Evolution Championship Series erosi du SonykSIE webgunearen bitartez iragarri duenez. Erosketa sortu berria den RTS deitutako e-kirolen enpresarekin batera egin dute PlayStationekoek.

EVO Sonyren eskuetan gelditu bada ere, txapelketa eratu zuten pertsonek milaka jokalari batzen dituen ekimena antolatzen jarraituko dute: Tony eta Tom Cannon sortzaileek aholkularitza lanak egingo dituztela baieztatu dute, “ekimenaren nortasuna mantentzen dela ziurtatzeko”.

Steven Roberts Sonyren gaming lehiakorraren ataleko zuzendariordeak adierazi duenez, “borroka bideo-jokoak PlayStationen ondarearen alderdi esanguratsua dira hasiera batetik, eta EVOrekin egindako elkarlanetaz harro gaude”. Erosketari dagokionez, “txapelketaren antolatzaileekin eta borroka-jokoen komunitatearekin elkarlan berria hasiko dutela” nabarmendu du zuzendariordeak.

EVOren presidentea izan zen Joey Cuellar sexu abusuengatik salatu jasan ondoren aurreko urteko txapelketa bertan behera geratuta, aurtengo EVO txapelketa lehiatuko diren egunak bi asteburutan banatu dituzte: abuztuaren 6tik 8ra eta 13tik 15era jokatuko dira hainbat bideo-jokoren partidak.

 

Zaleentzako txapelketa digitala

Urte honetan formatu digitalarekin jarraituko du egitasmoak EVO Online izenpean. Bertan jokatuko diren lehiak ikustea doakoa izango da guztientzat.

Une honetan ekimenaren blogean Tekken 7, Street Fighter V: Champion Edition, Guilty Gear Strive eta Mortal Kombat 11 Ultimate jokoak baieztatuta daudela ikusi daiteke. Horrek zalantza sortu du zaleen artean: izan ere, PlayStation kontsoletan argitaratuko gabeko jokoak kanpoan geratzeko arriskua dago.

Horien artean dago jokorik jarraituenetako bat, Nintendoren Super Smash Bros. Ultimate hain zuzen ere. Sonykoek ez dute adierazpenik egin horren inguruan, beraz zaleek zain egon beharko dute.