Bideojokoen garatzaileak txapelketatik urrundu dira. Joey Cuellarrek ez du jarraituko EVOko presidentetzan.
Koronabirusak eragindako egoeragatik EVO borroka bideojokoen munduko txapelketarik garrantzitsuena formatu digitalera igaro ondoren, EVO Online lehiaketa bertan behera uztea erabaki dute arduradunek. Erabakia ekimenaren presidentearen aurka jarritako salaketengatik hartu dutela iragarri du EVOk.
Joey Cuellarrek eduki du orain arte ekimenaren presidente kargua. Adingabe bati egindako sexu abusuen ondorioz EVOko arduradunek Cuellar presidentetzatik kentzea erabaki dute.
Salaketa ikusita, txapelketan parte hartzen zuten Capcom, NetherRealm edota Bandai Namco bezalako garatzaileek beraien bideojokoak EVOtik aterako dituztela adierazi dute; txapelketaren arduradunek gertakariengatik barkamena eskatu eta ekimena bertan behera utzi dute garatzaileen erantzuna entzun ondoren.
“Harrituta eta tristetuta gaude gertakari hauengatik, baina kritikei jaramon egiten gabiltza eta EVO hobetzeko egin beharreko aldaketa guztiak egiteko prest gaude”, aldarrikatu dute ekimenaren erantzuleek. Cuellar presidentetzatik kenduta, lehendakari berria Tony Cannon izango dela azpimarratu dute.
EVO Online bertan behera geratuta, sarrera digitalak erosi dituztenei dirua itzuliko dietela adierazi dute; bildutako diruaren baliokidea Project HOPE gobernuz kanpoko erakundeari emango diote.
Iruzkinak