Doikuntza grafikoak, zuzenketak eta areagotutako egonkortasuna inplementatuko dituzte kontsoletan; PCko bertsioak pantaila ultrazabalentzako euskarria jasoko du.
Fallout 4ren berpizkundea ikusiko dugu laster. Bethesda-k RPG abenturaren eguneratze erraldoia baieztatu du gaur egungo plataformetarako: apirilaren 25ean iritsiko da PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletara zein PCra.
Kontsolek aspaldi iragarritako hobekuntzak jasoko dituzte, horrela. Lehenik eta behin, aukera grafikoak eskainiko dituzte errendimendu —60 fps-tan jokatzeko— eta zehaztasun —bereizmenari emango zaio garrantzia— modalitateekin; bigarrenik, kontsoletako bertsioek dituzten hainbat akats zuzenduko dituzte; bukatzeko, egonkortasuna areagotuko dute.
PCko bertsioak ere nabarmentzeko berritasunak jasoko ditu. Pantaila zabalek nahiz ultrazabalek euskarri ofiziala edukiko dute Bethesdakoen aldetik.
Aipatutakoak guztiz doakoak izango dira jokoa erosita dutenentzat bai kontsoletan, bai ordenagailuan.
Horrez gain, Epic Games Store saltokian estreinatuko da etorkizun apokaliptikoaren jokoetako laugarren atala. Steam Deck-aren aldetik, amaitzeko, Deck Verified ikurra jasoko du F4k: launcher-a aldatuta, arazorik gabe gailu eramangarrian jokatzeko aukera egongo da.
Telesailaren oihartzuna aprobetxatuz
Noski, eguneraketok oraintsu Amazon Prime plataformak argitaratutako Fallout telesailaren estreinaldia ospatzera bideratutakoak dira. Lehenengo balorazioak aparta izan dira, bai prentsaren, bai zaleen aldetik; ez hori bakarrik, euskarazko azpitituluekin iritsi zaigu.
Horren harira ere eduki berriak jasoko ditu sagako azken bideojokoak. Enclave Remnants izeneko edukiarekin Enclaveko zitalen aurka jarriko gara, lehenengoz, laugarren jokoan, hauen armak zein armadurak lortzeko aukerarekin.
Makeshift Weapon Pack eduki gehigarriak, bestalde, telesailan agertzen den arma sortzeko baliabideak eskainiko dizkigu. Azkenik, Halloween Workshop DLCarekin gure baseak apaintzeko elementu beldurgarriak jasoko ditugu.
Fallout: London, berandututa
Berritasunekin batera albiste txarrak ere iritsi zaizkigu, zoritxarrez. Zaleek sortutako Fallout: London mod erraldoia geroratu behar izan dute arduradunek: apirilaren 23an kaleratzeko asmoa zeukaten.
Team FOLON-ko egileen arabera, aipatutako eguneraketak espantsioak erabiltzen dituen mod desberdinei eragingo die, hauek “apurtuz”.
Hori horrela, zain geratzea erabaki dute: eguneraketa espero baino sinpleagoa bada, agian apirilaren 25ean bertan argitaratuko dute London espantsioa, baina, bestela, konponketak egiteko lanean jarriko direla diote.
40 GB inguruko tamainarekin, F4k orain arte jasotako modik handienetakoa izango da London. Izenak dioen bezala, suntsitutako Londresera eramango gaitu istorio, eraikin, pertsonaia, fakzio, arma, objektu eta misio erabat berriak proposatuz.
Iruzkinak