Yoshi-P ekoizleak originalarekiko fideltasuna azpimarratu du. Lightspeed Studios arduratuko da port-a sortzeaz.
Final Fantasy XIV MMORPG arrakastatsua plataforma berrietara iritsiko da etorkizunean. Naoki ‘Yoshi-P’ Yoshida ekoizleak iragarri duenez, gailu mugikorretarako bertsioa prestatzen dabiltza: FF XIV Mobile.
Zinematika dibertigarrian ikus dezakegu zer nolako itxura duen bertsio berriak: originalaren atal grafikoa mantenduko dutela ikus daiteke, nahiz eta ziurrenik hainbat muga eta baldintza edukiko dituen.
Lehen muga lan kopuruan egongo dela dirudi: bederatzi lanen artean hautatu ahalko dugu jokoaren estreinaldian —gaur egun 21 lan ditu joko originalak—.
Hala ere, “fideltasuna” nagusi izango dela dio ekoizleak, “istorioa, lanak, borrokak, edukia eta jokoaren beste ezaugarriak xehetasun osoz berreginda”. Ukipen pantaila txikiagoetara egokitutako MMORPGa ikusiko dugula pentsa daiteke, hortaz, aldaketa handiagorik gabe.
Lightspeed Studios estatubatuarrarekin abiatu dute elkarlana FF XIV porteatzeko. Aurretik PUBG Mobile-n lan egin dute Krafton argitaletxearekin batera. Ez da egunotan estudioaren inguruan entzuten dugun lehen aldia; izan ere, Hideaki Itsuno Capcom-eko garatzaile beteranoarekin Lightspeed Japan Studio sortu berri dute, Tokion zein Osakan taldeak eratuta.
FF XIV 2010. urtean estreinatu zen hasiera batean. Lehen bertsioa porrot hutsa izan zen, ordea. Square Enixetik bigarren aukera bat eman zioten, mundua guztiz suntsituz, eta ezaugarri zein istorio berriarekin berpiztuz A Realm Reborn izenpean: erabaki egokia izan zen, 30 milioi jokalariak gaindituta generoko titulurik arrakastatsuenetarikoan bilakatu baita azken urteotan.
PCan hasi zuen ibilbidea, baina gaur egun PlayStation zein Xbox kontsoletan ere barnera gaitezke mundu erraldoi honetan. Plataforma hauetan guztietan sasoi betean jarraitzen du: uztailean Dawntrail izeneko espantsio handia jaso zuen, adibidez.
Esan bezala, etorkizunean sakelekotik sartzeko aukera egongo da: Final Fantasy XIV Mobilek ez dauka argitaratze datarik oraindik, baina “laster” demoak eta probak argitaratuko dituztela agindu dute SEtik.
Iruzkinak