Albert Sarlé artista katalanak egindako bideojokoa euskaratu du Game Erauntsiak. Txanogorritxoren ipuinaren bertsio berri hau dohainik eskura daiteke.
Euskara bideojokoetan sustatzeko helburuarekin Game Erauntsia Elkarteak bideojoko berri bat itzuli du: Fobos. Hau Albert Sarlé marrazkilari katalanak sortutako ipuin interaktiboa da, Txanogorritxoren istorioa oinarri hartuta.
Esplorazio bideojoko honetan Txanogorritxok basoa zeharkatu beharko du bere amonaren etxera iristeko. Bidean ipuin klasikoetako pertsonaia desberdinekin topo egingo du: otsoa, hiru txerritxoak, printze-apoa eta sorgina agertuko dira, besteak beste. Gainera, basoan zehar Joanes Beldurgabeak utzitako hamabi oharrak aurkitu eta bildu beharko dira.
Jokatzeko oso joko erraza eta sinplea da; irakurtzen dakiten 5 urtetik aurrerako haurrentzako aproposa da. Pertsonaia nagusia basotik mugitu behar dugu teklatuko gezien bitartez eta A izkia sakatu jauzi egiteko. Ipuin interaktibo hau ironiaz eta umoreaz baliatzen da beldurraren inguruko gogoeta egiteko. Ez da oso joko luzea, baina etxeko txikiak denbora batez entretenitzeko euskarazko aisi eskaintza interesgarria da.
Fobos Albert Sarlé marrazkilariak bere Arte Graduko ikasketen baitan sortutako proiektua da. Autoreak jokoa egitasmo didaktiko gisa planteatu zuen Rocío Serna-Rodrigo Alacanteko unibertsitateko irakaslearekin batera. Bideojokoa Serna-Rodrigoren doktoregotza tesiko kapitulu batean azaltzen du. Sarlék eta Serna-Rodrigok artikulu bat argitaratu zuten haurren heziketan bideojokoak aplikatzeko bideen inguruan.
Nola instalatu
Jokoa dohainik eskura daiteke esteka honen bitartez. Deskargatutako fitxategian instalatzeko jarraibideak "Irakurri" izeneko PDF dokumentuan daude. Ordenagailuan fitxategi guztiak deskonprimatu behar dira eta ostean letra-tipo bereziak Windows-eko letra iturrien karpetan kopiatu. Hori burututakoan game.exe fitxategia ireki eta jokoa hasiko da. Pantaila handian jokatzeko eta aginteen ezarpenak aldatzeko F1 sakatu behar da.
Euskaraz gain gazteleraz eta katalanez joka daiteke obrara. Beste hizkuntzetako bertsioak Albert Sarleren blogean eskura daitezke.
Autoreari buruz
Esan bezala, bideojokoaren jatorria proiektu artistiko batean dago, izan ere, Albert Sarlé (Interneten Albsart ezizenarekin ezagutzen da), ez da bideojoko garatzailea, baizik eta marrazkilaria eta animatzailea. Gaur egun Arte gradua ikasten ari da Universitat Oberta de Catalunya-n. Hainbat libururen azalak diseinatu ditu, esaterako “Mi nombre es Paz" eta "La balada de Josef K" tituluetakoak. Bestalde, "La predicción de la incertidumbre" komikia marrazten ari da. Fobos bideojokoa RPG Maker programa eta Arc Engine plataforma motorra erabiliz sortu zuen, bi dimentsiotako marrazki guztiak berak eginda.
Autoreari buruz gehiago jakiteko hemen dituzue bere sare sozialak:
- Bloga: https://albsart.wordpress.com
- Twitter: https://twitter.com/Albsart95
- Instagram: https://instagram.com/albsart95
- Facebook: https://www.facebook.com/albsart/
Iruzkinak