Luminous Productions-ek eta Square Enix-ek “jokoa fintzeko” denbora eskatu dute. PlayStation 5 eta PC plataformetan estreinatuko da.
Berandutzeak ez dira eten. Square Enixeko japoniarren hurrengo joko handia geroratu egin da: maiatzaren 24rako aurreikusten zen Forspoken interesgarriaren argitalpena sei hilabete atzeratuko dutela iragarri dute. Urriaren 11n kaleratuko da azkenik.
Luminous Productions estudioa garatzen ari den akziozko lan ikusgarria “jokalari guztiek datozen urteetan gozatzekoa” izatea bilatzen dutela adierazi dute sare sozialetan zabaldutako prentsa ohar batekin. Hori horrela, taldearentzat “ondo egitea” bereziki garrantzitsua dela diote. Hilabete gehigarri horiek “jokoa fintzeko” erabiliko dituztela diote tokiotarrek.
Project Athia izenarekin aurkeztu zuten lehenengoz Forspoken. Bertan Frey-ren kontrola hartuko dugu: beste mundu batera bidaiatuko duen neska newyorktar honek sekulako botere magikoak erabiliko ditu era guztietako etsaiei aurre egiteko fantasiazko mundu batean.
Esan bezala, urriaren 11n estreinatuko da akziozko bideojokoa. Baieztutako plataformek berberak izaten jarraitzen dute: PlayStation 5erako eta PCrako kaleratuko da.
Iruzkinak