Udaberri honetan iritsiko da Sony-ren kontsolara eduki gehigarri guztiekin batera.
Xboxek Forza Horizon 5 lasterketa jokoa PlayStation 5era eramateko asmoa iragarri du.
Playground Games estudioak 2021. urtean Xbox Series eta PC plataformetan argitaratutako titulua 2025eko udaberrian iritsiko da PlayStationen gaur egungo kontsolara. Panic Button port-etan aditua den taldea arduratzen ari da PS5eko bertsioa prestatzeaz.
FH 5 eduki gehigarri guztiekin kaleratuko dute PlayStationen: Hot Wheels eta Rally Adventure espantsioak jasoko dituzte Sonyren erabiltzaileek, baina ordainpeko DLCak izango direla azpimarratu beharra dago. Autoen bilduma guztiak ere iritsiko dira, oinarrizko jokoak zeuzkan 500 bat autoei beste 300 inguru gehituta.
Bertsio berria joko gurutzatuarekin etorriko da; hau da, PlayStationeko jokalariak Xboxekoekin nahiz PCkoekin batera lehiatu ahalko dira. Izan ere, Forza Horizon saga bere sareko ezaugarriengatik ezaguna da, modu organikoan online jokalariak gure partidetan agertuz.
Horizon Realms izeneko doako edukia iragarri dute, bukatzeko, arduradunek. Plataforma guztietara iritsiko den eguneratzeak Evolving World edukian eskainitakoen artetik komunitateak hautatutako zerrenda berezia aurkeztuko digu, gure autoentzako apaingarriak eta bestelakoak gehituz.
Mundu irekiko lasterketa jokoen bosgarren atala Mexikon girotzen da. Lasterketa arruntez gain, denetariko erronka ikusgarriak proposatzen dizkigu, gidatze errealista zein arkadea uztartuz. Balorazio bikainak lortu zituzten jatorrizko bertsioek, atal grafiko ikusgarria zein jokagarritasun dibertigarria nabarmenduz.
Forza Horizon 5 udaberrian iritsiko da PlayStation 5 kontsolara.
Xbox, zer gehiago?
Forza bezalako saga esanguratsua PlayStationera eramanda, argi dago Xboxek ez duela inolako mugarik ikusten esklusibotasunak suntsitzerakoan. Horrelaxe adierazi zuen, gainera, Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak orain aste batzuk.
Iaz Sea of Thieves, Hi-Fi Rush, Pentiment eta Grounded iritsi ziren PlayStation zein Switch kontsoletara; garai hartan aipatu zutenez, “asmoa ez da Xboxeko joko guztiak gainerako plataformetan kaleratzea”.
Iritziz aldatu dutela dirudi. FH 5ekin batera, bideojokozaleak etorkizunera begira jarri baitira aspalditik entzuten gabiltzan beste zurrumurru batekin: Halo frankiziako hainbat titulu klasiko biltzen dituen Halo: The Master Chief Collection PlayStation 5ean zein Switch 2an ikusiko dugu laster, hainbat iturriren arabera.
Xboxen etorkizuna zalantzan dago, beraz. Esklusibotasunak alboratuta, eta euren estrategia Xbox Game Pass harpidetza indartzean ardaztuta —noiz arte ikusi beharko—, kontsolak ere alboratuko ote dituzten da galdera handia orain. Spencerrek ezetz dio, Xboxen beste belaunaldi bat ikusiko omen dugu.
Iruzkinak