Pilota modalitate eraberritura jokatuko da PlayStation 5-erako obra honetan. Gammera Nest garatzailearekin batera sortzen ari da PlayStation Talents ekimenaren babespean.
PlayStation Sarien 2021eko edizioan Frontball Planet iragarri da. Jon Kortazar garatzailearen zuzendaritzapean dagoen Relevo estudio bilbotarra prestatzen ari da; hauekin batera ari dira Gammera Nest garatzaile madrildarreko kideak, PlayStation Talents egitasmoaren aterpean.
Arkade joko honek esku pilotan oinarritutako frontball kirolean aritzera eramango ditu jokalariak. 2008an sortutako modalitate eraberritu honek pareta bakarra erabiltzen du partidetarako: Euskal Herriko hainbat plazetan ikusi ohi den modura, ez da ezker paretarik erabiltzen.
Bakarkako partidak proposatzen dira frontballean; halakoak izango dira Frontball Planeten baita ere. Multijokalarian aritzeko aukera eskainiko du Relevoren jokoak. Estetika sinple baina dibertigarriarekin eta koloretsuarekin, partida ikusgarriak biziko dituzte jokalariek.
Mundu osoan zehar sakabanatutako frontoiak bisitatuko dira jokoan: Bilbo, Miami, Tokio, New York, Mexiko Hiria eta gehiago ikus daitezke trailerrean. Pilotari propioa sortzeko eta pertsonalizatzeko aukera izango dute jokalariek.
Frontball Planet Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak eta Espainiako Pilota Federazioak 2017. urtean PlayStationekin batera hasitako PlayStation Frontball Challenge ekimenetik jaiotako proiektua da. Bertan gazte eta nerabeen arteko txapelketak egin zituzten. Antolatzaileek azaltzen dutenez, Frontballarekin pilota kalera eramatea da helburua, publiko zabalago batengana iristeko asmoarekin.
Bideo-jokoak ez dauka argitaratze datarik oraindik, baina pixkanaka xehetasun gehiago emango dituztela agindu dute arduradunek. PlayStation 5erako kaleratuko dutela aurreratu dute.
Iruzkinak