Galactic Grinder koloretsuan trikumailu ikusgarria egiten ibiliko gara 2.5 dimentsiotan. Doan eskura daiteke.

Euskaraz joka daitekeen azken bideojokoak trikimailuak, jauziak, skate taulak eta gainditzeko mundu desberdinak biltzen ditu. Halakoa da DigiPen Europe Bilbo zentroko ikasleek aurten kaleratutako hirugarren titulua: Galactic Grinder.

Tony Hawk frankizia baino, OlliOlli bezalako skate bideojokoak gogorarazten dituen lana dugu Ponko Gamez ikasle taldearena. Bi dimentsioko planoan mugituko gara, 3D atal grafikoa daukan arren; hau da, 2.5D jokoaren aurrean gaude.

Gure taula hartuta ahalik eta puntuaziorik onena lortzen saiatuko gara maila bakoitzean trikimailuen bidez; erori gabe ibiltzea ere garrantzitsua da, beraz arriskatzerakoan adi ibili beharko gara, oreka mantenduz.

Era horretara, trikimailuak, baranda gaineko irristadak, itzulipurdiak eta bestelakoak txandakatzen ariko gara, aniztasuna bilatuz zein ahalik eta saio ikusgarrienak burutuz.

Mailek ere zeresan edukiko dute, ordea: ibilaldi bakoitzean oztopo eta mekanika desberdinekin topo egingo dugu. Basamortuko zizare erraldoiak, ilargiko errepide eta tren eroak zein bestelako erronkei aurre egiten ariko gara, maila motzak, baina zirraragarriak eratuz.

Jon Ibarra, Martin Hormaetxea eta Asier Azpiri informatikariek Sofia Ares, Santiago Campins nahiz Luis Serrano artistekin batera osatzen dute bideojokoa garatu duen Ponko Gamez taldea.

Eduki guztiok —edo ia gehienok, jokoaren sarrera eratzeko balio duten grafitiak ingelesez baitaude—, esan bezala, euskaraz irakurriko ditugu. Azkenaldian Digipengoek hartutako joera da; izan ere, ikasleek kaleratutako bideojoko guztiak gure mintzairan goza daitezke.

Anyu,  Cat-aclysmAvaniVeggie MenaceArclight BeatHan’yoArruyo edo Shadow Racer interesgarrien kasua da. Euskaraz ez ezik, doan ere estreinatu dituzte: PC-rako Steam plataformatik jaisteko eta jokatzeko aukera daukagu.

Aipatutako lanak zein gainerako euskaratutako obra guztiak Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan daude.