Caves & Cliffs DLC-aren bigarren atalaren argitalpena ospatzeko, 1.18.1 adabakian oinarritutako zerbitzaria irekiko du GEk etzi.
Minecrafteko jokalari euskaldunak batzeko eta ondo pasatzeko gunea da Game Erauntsiaren Minecraft zerbitzaria. Hirugarren bertsioa martxan dago orain urtebetetik; orain, baina, hau eraberritzeko eta eguneratzeko lanean gabiltza euskal bideojokozaleen komunitateko kideak.
Horretarako azken 1.18.1 adabakia ardatz hartuta zaharberrituko dugu zerbitzaria; orain arte, 1.16 eguneraketa erabiltzen zuen gure munduak. Bertsio honek Caves & Cliffs eduki gehigarriaren bigarren atala hartzen du, beraz azken berritasun eta ezaugarri guztiak egongo dira GEren Minecrafteko munduan.
Guzti horretaz behar bezala aprobetxatzeko mapa hasieratik berrabiaraziko dugu: orain arte sortutako mundua desagertu egingo da beraz; izan ere, gehienezko altuera zein sakonera areagotu egin da azken bertsioan. Berez sortutako elementuen (mendiak, adibidez) altuera 256ra igo dute; lehen, 128 zen muga. Eraikinen altueraren muga 320an dago orain; aurreko bertsioetan 256 izaten zen. Sakonera aldetik, berriz -64 da Mojang-eko garatzaileek jarri duten muga berria.
Horrez gain, automatikoki mundu aberatsagoak sortzeko lanean aritu dira arduradunak. Lurrazalaren itxura ez dago bioma bakoitzera mugatuta, eta aniztasuna areagotzeko ezaugarriak gehitu dituzte baita ere. Bioma berriak aurkituko dituzte jokalariek gainera.
Mendiek nahiz kobazuloen aldetik dator, baina, berritasunik esanguratsuena. Sekulako tontorrak zein kobak ikusiko dituzte jokalariek azken adabakian; aurreko bertsioetatik emandako aldaketa nabarmena da, zur eta lur uztekoa.
Aldaketa hauekin batera mineralen banaketa aldatu dute, mundu handiago eta aberatsago horietan modu aproposagoan banatzeko. Ez hori bakarrik: mob-ak orain erabateko iluntasunean bakarrik sortuko dira. Kobazuloak esploratzerakoan argi iturriak eramatea beharrezkoa izango da beraz arrisku handiegirik ez bizitzeko.
Aipatutakoez behar bezala gozatzeko 5.000 blokeko erradiodun mapa eratu dugu; esan bezala, guztiz berria izango da. Une honetan infernua inplementatzeko lanean gabiltza; zerbitzaria eguneratzerakoan prest egotea espero dugu. Bestela, ahalik eta azkarren gehituko dugu.
Aurreko bertsioan eratutako mapan jokatzen jarraitu nahi dutenentzako honen segurtasun kopia egingo dugu. Modu horretara, orain arte sortutakoarekin lan egiteko aukera eskaini nahi diogu komunitateari. Hau Game Erauntsiaren webgunean eskuragarri dagoenean abisatuko dugu.
Etzi, abenduaren 22an, 16:30ean irekiko dugu eguneratutako zerbitzaria. Honi buruzko informazio guztia irakurtzeko hemen egin dezakezu klik. Bertan konektatzeko pausoak, araudia eta askoz gehiago zehaztu dugu.
Iruzkinak