Gaurtik abenduaren 31ra arte bozkatzeko aukera egongo da. Partaideen artean oparia zozkatuko dugu!

Urtea bukatzeko Game Erauntsia Elkartearen ohiko ekimenetako baten itzulera iragartzera gatoz: Game Erauntsia Sariak abian dira! 2023ko edizioak aurtengo bideojokorik onenak izendatuko ditu euskal bideojokozaleen komunitatearen partaidetzarekin.

Aurtengoa ez da bozkaketa erraza izango; egia esan, bideojoko bikainak jaso ditugu urte osoan, eta antzeko beste ekimenetan irabazlea ez da batere argia izan. 2023an, esaterako, Baldur’s Gate 3, Alan Wake 2, Super Mario Bros. Wonder edo The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom estreinatu dira: denetariko bideojokozaleentzako opariak.

Game Erauntsiatik, beraz, galdetegia prestatu dugu komunitatearentzat. Zuokin batera urteko bideojokorik onenaren saria banatuko dugu, baina bestelako kategoriak ere prestatu ditugu: indie onena, edo multijokalari onena, adibidez.

Urte honetarako aldaketa batzuk prestatu ditugu kategoria nagusietan, dena den: generokako sariak alboratu, eta plataforma bakoitzeko jokorik onena hautatzeko eskatuko dizuegu.

Hori bai, guk aukeratutako hautagaien zerrendara mugatu beharrean, nahi duzuen edozein joko izendatzeko aukera daukazue: zuon hautagaia zerrendatik kanpo badago, idatzi kategoria bakoitzaren azpiko erantzunean.

Hemen bozka dezakezue. Bozketa epea urte bukaerarekin batera itxiko dugu.

 

Euskal bideojokoak

Euskal Herrian egindako bideojokoak nabarmenduko ditugu, urtero egin bezala. 2023an etxean garatutako genero guztietako ekoizpenak jaso ditugu: IDEA, The Silent Swan, Frontball Planet, Cat-Aclysm, Evil Nun: The Broken Mask, Astrality, Galactic Grinder, Live Rally Manager, Narona Sports Supernatural, Anyu eta Syzygy: The Power of the Eclipse kaleratu dira, baita Euskal Game Jam ekimenean sortutako hamabi obra ere.

Euskarazko bideojokoei dagokienez, iaz lortutako marka haustea lortu dugu —beste behin, kontuz!—. 38 bideojoko ikusi ditugu gure hizkuntzan: zenbait jatorriz euskaraz argitaratutakoak dira, eta beste batzuk zaleek lokalizatutakoak.

Lokalizazio lan bikainak ezagutzera eman eta golardatu gura ditugu, euskal bideojokozaleen komunitateak zaletasun hau gure hizkuntzan gozatu ahal izateko egindako lana ikaragarria baita.

 

Zozketa berezia!

Urtero egin modura, parte hartzaileen artean opariak banatuko ditugu! Aurten 20 euroko opari txartela zozkatuko dugu inkesta modu egokian bete dutenen artean; irabazleak hauta dezakete txartela zein plataformatarako nahi duen. Horrez gain, bestelako opariak ere eskainiko ditugu.

Sarituak bideojokoen irabazleekin batera ezagutzera emango ditugu datorren urte hasieran!

 

Game Erauntsia Elkartea

Zerrendan aipatutako bideojokoren batek interesatzen badizu, edo hauei buruz sakon hitz egiteko gogoak badituzu, gogoratu Game Erauntsia webgune hau baino askoz zabalagoa dela. Bideojokoei buruz eztabaidatzeko, elkarrekin jokatzeko, eta, orokorrean, zaletasun honetaz euskaraz gozatzeko talde desberdinak ditu euskal bideojokozaleen komunitateak!

Lehenik eta behin, gure Telegram taldea aipatu behar da. Bertan jo eta su ibiltzen gara industriako azken berriei buruz hitz egiten, jokoak gomendatzen edo bitxikeriak partekatzen, baita Twitch-eko euskarazko zuzenekoak zabaltzen ere. Talde orokorraz gain, beste hainbat lanetarako bilguneak ditugu: esate baterako, itzulpenekin laguntzeko txata.

Bigarrenik, ezin dezakegu gure Discord zerbitzaria kanpoan utzi. Eztabaidarako lekua dagoen arren, partidak antolatzeko tokirik aproposena da: bertan multijokalari bideojokorik ezagunenentzako taldeak aurki ditzakezu.

Hirugarrenik, Game Erauntsiaren sare sozialak aipatu behar ditugu. Mastodon, Instagram, Twitter zein Facebook plataformetan gaude: bertan gure blogeko azken artikuluak zabaltzen ditugu, baita gure ekimenen berri eman ere! Gainera, TwitchPeertube.eus eta Youtube plataformetan aurkituko gaituzu zuzenekoak egiten eta bideoak igotzen!

Bukatzeko, ezin gaitezke ahaztu Game Erauntsia irratsaioaz! Naiz Irratiaren bideojokoen saioa entzuteko —eta ikusteko— hainbat bide daude. Denboraldi guztien bideoak Youtuben ditugu, baina irratsaioak Naiz Irratiaren webgunean, zein SpotifyIvoox eta Apple Podcasts plataformetan entzun ditzakezu!

Eskerrik asko aurten gurekin izan zareten guztioi: komunitatea pixkanaka hazten doa, geroz eta euskal bideojokozale gehiago elkartuz. 2024an, gehiago!