Balatro, The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom, Indiana Jones and the Great Circle edo MouseVentures izan dira txapeldunak gainerako kategorietan, beste hainbaten artean.
Euskal bideojokozaleen komunitateak, urtero lez, Game Erauntsia Sariak bozketa burutu du bideojokorik onenak izendatzeko helburuarekin. 2024ko GESarietan Astro Bot dibertigarria gailendu da, jokalarien botoen gehiengoa eskuratuta.
132 partaidek bete dute aurten gure galdetegia. Denetariko erantzunak irakurri ditugu behin botoa emateko epea itxita, baina, esan bezala, irabazle bakarra dago… urteko bideojokorik onenaren kategorian, behintzat.
Egia esan, beste hainbat kategoria ere prestatu ditugu: kontsola desberdinetako zein PCko edo mugikorretako jokorik onena, multijokalaririk itzelena edo indie titulurik bikainena saritzeko aukera eskaini dizuegu.
Horrela, AAA joko erraldoiak bezain arrakastatsuak nahiz obra independente txiki eta zoragarriak goraipatu gura izan ditugu. Are gehiago, Game Erauntsian soilik egiten dugun bezala, Euskal Herrira begira ere jarri gara etxeko bideojokoak nabarmentzeko asmoarekin; horrekin batera, horrenbeste maite ditugun euskaratzeentzako saria antolatu dugu.
Ez dezagun astirik galdu.
2024ko onenak
Esan bezala, PlayStation-en Asobo Studio taldeak garatutako Astro Bot izan da urteko jokorik apartena, baita ustekabekorik handienetakoa ere. Maiatzeko State of Play aurkezpenean iragarri zuten, irailean kaleratzeko… eta PlayStationen ibilbidea omentzeko asmoarekin iritsi zen robot txikiak guztion bihotzak harrapatzea lortu du.
Ez da garaipen erraza izan, hori bai: parean titulu ikaragarrien sorta eduki du Astrok. Black Myth: Wukong, S.T.A.L.K.E.R. 2: Shadow of Chornobyl, Metaphor: ReFantazio, Final Fantasy VII Rebirth, Indiana Jones and the Great Circle edo The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom estreinatu ziren iaz; hain zuzen ere, beste hainbat sari banaketetan garaipena lortu duten jokoak.
GOTYaren bigarren postuan berdinketa ikusi dugu GESarietan: FF7 Rebirthek eta S.T.A.L.K.E.R. 2k bozka kopuru bera lortu dute. Hirugarren postuan, berriz, Black Myth: Wukongen kondaira txinatarra bete dute euskal bideojokozaleek.
Urteko bideojokorik onena
- Astro Bot (19 boto)
- Final Fantasy VII Rebirth / S.T.A.L.K.E.R. 2: Shadow of Chornobyl (12 boto)
- Black Myth: Wukong (10 boto)
Etxekoak
Joko komertzialik handienak alboratuko ditugu une batez, eta Euskal Herrira begira jarriko gara, guretzako kategoriarik azpimarragarrienak hartuta. Euskal garatzaileen aldetik era guztietako eta plataformetarako bideojokoak ikusi genituen 2024an: One Last Breath indartsuarekin hasi ginen, baina tartean Evil Nun: The Broken Mask-en Switch kontsolako bertsioa edo Voodoo Strikers nafarra ere iritsi zitzaizkigun, besteak beste.
Euskal Game Jam 2an sortutakoak zein DigiPen ikastetxeko ikasleek Steam bidez argitaratutako lanak ere gehitu genituen, noski: nahiz eta obra txikiak izan, ideia harrigarriek eta bereziek kategoria honetako hautagaiak izatea merezi zutela uste genuen.
Euskaratzerik onenen kasuan, sekulako lokalizazio lanez gozatu genuen. Gure mintzairan itzulitako 33 jokoen artean Super Mario Bros. 3, Stardew Valley, SOMA edo Death’s Door bezalakoak daude.
Hori esanda, DigiPengo ikasleen eta familien parte hartzea nabarmentzekoa da: iritsi zaigunez, gabonetan gure galdetegia jo eta su partekatzen ibili dira Slap That, Chrono Club – Race Against Time, MouseVentures eta Abyssal jokoen egileak. Lortutako indarrari esker, etxeko bi kategorietan bozkatuenen artean kokatu dira.
Euskal bideojokorik onena
- MouseVentures (42 boto)
- Slap That (20 boto)
- Abyssal (19 boto)
Euskaratzerik onena
- MouseVentures (44 boto)
- Slap That (20 boto)
- Abyssal (13 boto)
Hiru jokoak doakoak dira, eta ofizialki daude euskaraz: irailean argitaratu genuen artikuluan aurkituko dituzue.
DigiPengoak alboratuta, euskal jokorik bozkatuenak Julen Irazokiren Munstro (11 boto), Ibai Aizpuruak EGJ2an sortutako Fart Starter (3 boto) eta Maniac Panda Games estudioaren One Last Breath (3 boto) izan dira; euskaratzerik onenak, bestalde, Eztainuk itzulitako Stardew Valley (5 boto), Ibai Oihangurenen Death’s Door (5 boto) zein Errefauren Jurassic World Evolution 2 (3 boto) dira euskal komunitatearentzat.
Zer gehiago?
Sari banaketarekin bukatzen joateko, gainerako kategoriak errepasatzea geratzen zaigu. Esan bezala, plataformaren araberako (PlayStation, Nintendo, Xbox, PC, mugikorrak…) sariak eta indie zein multijokalari titulurik bikainenak saritu gura izan ditugu.
Amaitzeko, etorkizunera begira jarri gara, gehien desiratzen duzuen jokoa —iragarritakoen artean, behintzat— izendatzea ere eskatu baitizuegu. Hor irabazleak!
PlayStation-eko jokorik onena
- Astro Bot (43 boto)
- Final Fantasy VII Rebirth (29 boto)
- Helldivers II (14 boto)
Nintendo Switch-eko jokorik onena
- The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom (38 boto)
- Mario & Luigi: Brothership (33 boto)
- Super Mario Party Jamboree (16 boto)
Xbox-eko jokorik onena
- Indiana Jones and the Great Circle (36 boto)
- S.T.A.L.K.E.R. 2: Shadow of Chornobyl (25 boto)
- Call of Duty: Black Ops 6 (19 boto)
PCko jokorik onena
- God of War Ragnarök (32 boto)
- Hades 2 (22 boto)
- Microsoft Flight Simulator 2024 (20 boto)
Gailu mugikorretarako jokorik onena
- Balatro (39 boto)
- Pokémon Trading Card Game Pocket (33 boto)
- Zenless Zone Zero (19 boto)
Indie jokorik onena
- Balatro (42 boto)
- Animal Well (21 boto)
- Neva (20 boto)
Multijokalaririk onena
- Helldivers II (31 boto)
- Call of Duty: Black Ops 6 (26 boto)
- Super Mario Party Jamboree (22 boto)
Gehien espero duzun jokoa
- Grand Theft Auto VI (37 boto)
- The Elder Scrolls VI / Ghost of Yotei (22 boto)
- Metroid Prime 4 (18 boto)
Zozketaz ahaztu gabe
Game Erauntsia Sarietan parte hartzea eskertzen dugu bihotzez, baina tira, bestelako opariak ere baditugu zuontzat.
Agindu bezala, 20 euroko opari txartela zozkatu dugu partaideon artean: aurtengoan Iune izan da irabazlea. Zurekin harremanetan jarriko gara laster txartela zein plataformarako nahi duzun galdetzeko, zorionak!
Milesker bihotzez bozketan parte hartu duzuen guztioi! Game Erauntsiatik lan berbera egiten jarraituko dugu aurten, bideojokoak eta euskara alor zein esparru desberdinetan uztartuz, eta euskal bideojokozaleentzako topagunea eraikiz.
Komunitatean parte hartzeko Telegram edo Discord taldeetara batu zaitezkete, besteak beste. Bideojokoez euskaraz gozatzeko lekurik aproposenak dira; beraz, zaletasun hau beste lagun batzuekin partekatu nahi baduzu, anima zaitez!
Edozein laguntza mota eskertzen dugu. Elkartean ekarpenak egitera sartu nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan; bestela, eduki sortzaileentzako nahiz itzultzaileentzako txokoak ere baditugu.
Iruzkinak