Harpidetza sistema aldatu dute YoYo Games-ko arduradunek. Bideojokogintzan hasiberriak direnei zuzendutako tresna baliagarria da.
GameMaker garapen motoreak aldaketa handiak iragarri ditu bere harpidetza modeloetan. Gaurtik aurrera bideojoko ez komertzialak sortzeko doakoa izango da YoYo Games enpresak sortutako erreminta indartsua.
Nola ez, aldaketak Unity bezalako tresnekin jazotako polemiken ondoren erabakitakoak dira. “Beste plataforma batzuek baldintzen eta prezioen harira erabaki bitxiak hartu dituztela ikusi dugu”, aipatu du Russell Kay GameMakerren arduradun nagusiak. “Orduan, pentsatu genuena zera da… zergatik ez dugu aurkakoa egiten, garatzaileentzat onuragarria den zerbait?”
2021etik musutruk erabil zitekeen motore grafikoa da GameMaker. Erabili bai, baina jokoa esportatzerako orduan harpideduna izatea eskatzen zuen: kontsoletarako jokoek edo gainerako gailuetakoek harpidetza desberdinak behar zituzten.
Hori desagertu da: probatzeko, Game Jam baterako, edo, besterik gabe, sarean zabaltzeko jokoak egiteko aukera daukagu orain Game Makerrekin, dohainik. Kontsoletarako jokoak eskaintza honetatik kanpo geratzen dira: PC, Mac, Linux, iOS, Android plataformetarako zein nabigatzailerako sor ditzakegu doako erabiltzailearekin.
Antzekoa gertatzen da hezkuntzari lotutako bideojokoekin; izan ere, edozein plataformarako sortutako bideojoko hezitzaileak esporta ditzakegu, betiere ez komertzialak badira. Horretarako hezitzaile erabiltzailea sortu beharko dugu.
Doako kontuekin bukatzeko, tresnarentzako baliabideen bildumak musutruk eskaintzen hasi dira YoYokoak. Sprite-ak, musika, soinu efektuak, hondoak eta askoz gehiago aurkituko ditugu baliabideen webgune ofizialean.
Harpidetzak aldatu egingo dituztela adierazi dute arduradunek. Sortutako bideojokoa saltzen hasteko ez da harpidetzarik ordaindu beharko orain; horren ordez, 9,99 dolarretako ordainketa bakarra eskatzen dute PC, Mac, Linux, iOS, Android plataformetarako eta nabigatzailerako, edo 79,99 dolarretakoa aipatutakoez gain kontsoletan saldu nahi badugu.
GameMaker bideojokogintzan lehen pausoak ematen dabiltzan sortzaileei zuzendutako tresna da. Hala ere, titulu osoak egiteko erabil daiteke; esate baterako, Rivals of Aether bikaina erreminta honekin sortutakoa da.
Etorkizunean are aldaketa gehiago ikusiko ditugula dirudi. Sare sozialen bidez kode irekira igarotzearen inguruan galdetu dietenean, GameMakerrekoek adi ibiltzeko eskatu dute. Euren hainbat tresna dagoeneko irekiak izanik, ez litzateke harritzekoa izango garapen motore osoa halakoa izatea erabakitzen badute.
Iruzkinak