Tokioko Kabukichō auzunea izango da protagonista mafiosoen istorio berrian.

Toshihiro Nagoshi zuzendariak Gang of Dragon ezagutarazi du. Yakuza edo Like a Dragon sagaren oinordeko espirituala Nagoshi Studio taldearen lehen bideojokoa izango da.

The Game Awards ekitaldian eskainitako iragarpen bideoarekin protagonista berria ezagutu dugu: Ma Dong-seok aktore hegokorearrak antzeztuko duen Shin Ji-seong. Istorioa Japonian kokatuko da, Yakuzaren jaioterritik askorik aldendu gabe: Tokioko Kabukichō auzunean girotuko da Gang of Dragon, hau da, Kazuma Kiryu-ren abenturetako Kamurochō auzoko benetako kaleetan.

Bideoa, beste behin, zinematika izan denez, jokagarritasunaren ardatzak eta mekanikak ezagutzea geratzen zaigu. Ikusitakoagatik, Yakuzaren ohiko elementu guztiak bereganatuko dituela dirudi; hala eta guztiz ere tiroketak —metraileta erraldoiak erabiltzen ikusi dugu protagonista— eta autoak ageri dira bideoan zein prentsa oharrean.

Nagoshi zuzendariak Ryu Ga Gotoku Studio eta Sega utzi zituen 2021ean, NetEase txinatarraren babespera jotzeko. Bertan sortu du Nagoshi Studio.

Gang of Dragon PCrako baieztatu dute oraingoz, baina kontsoletara ere iristea espero da. Data, behintzat, ezezaguna da.