Yakuza estiloko bideojokoa arriskuan dago: 44,4 milioi dolar behar ditu Nagoshi Studio-k garapenarekin bukatzeko.
Gang of Dragon finantziatzeari utziko dio NetEasek. Erraldoi txinatarrak uko egin dio Toshihiro Nagoshi zuzendariaren bideojoko berria ekonomikoki babesteari.
Hori horrela, Yakuza/Like a Dragon estiloko saga guztiz berria arriskuan dagoela iritsi zaigu Bloomberg agerkaritik. Nagoshi Studiok 44,4 milioi dolar (7.000 milioi yen) gehiago eskatu zizkion NetEaseri, eta honek finantzaketa eteteko erabakia hartu zuen.
NetEasek proiektua independizatzeko bidea zabaldu dio japoniarrari; hori egitekotan, baina, orain arte garapena bideratzeko jasotako dirua itzuli beharko lukete. Itxura batean, Nagoshik beste diru iturri batzuk bilatzeko bideari ekin dio, baina oraingoz ez du zorterik izan. Gang of Dragon arriskuan dago.
2021ean ezagutu genuen Nagoshik Ryu Ga Gotoku Studio utzi zuela. “Gaur Ryu ga Gotoku Studio berria jaio da”, adierazi zuen garai hartan, NetEasen laguntza jasoko zuela aldarrikatzen zuten zurrumurruen artean. Gang of Dragon, bestalde, abenduan aurkeztu zen ofizialki The Game Awards ekitaldian: Ma Dong-seok aktore hegokorearra protagonista duen mafiosoen istorioa.
Lander Unzueta
Iruzkinak