Gaztelu batetik ihes egin behar duen banpiroaren rola jokatuko dugu. Super Meat Boy edo Celeste estiloko plataforma erronkak proposatuko dizkigu.
Aurten eratutako estudio bilbotarra da Gaua Games, eta lehen bideojokoa aurkeztu dute: Darby Is Here Forever plataforma jokoa sortzeko lanean dabil laukote euskalduna.
Mermelada Jam 2 ekimenean garatzen hasitako proiektua bideojoko osoa izateko lanean dabil Asier Garatxena —2022ko Jokoteknian parte hartu zuen—, Ibai Macho, Gontzal Tapia eta David Pereiro sortzaileek osatutako taldeak.
Darby izeneko banpiroan bilakatuko gara: kripta ilunean preso sartu dute izakia, eta ihes egiten lagunduko diogu.
Horretarako, Super Meat Boy zein Celeste bezalako plataforma joko indie maitatuen antzeko proposamena ikusiko dugu Darbyren abenturan; hau da, oztopoz betetako gela desberdinak gainditu beharko ditugu. Arerioak, eztenak eta gehiago aurkituko ditugu, eta aurrera egiteko itxitako ateak irekitzeko giltzak nahiz bestelakoak bilatu beharko ditugu, jokoari metroidvania kutsua eskainiz.
Planeatzeko ahalmena edukiko du banpiro txikiak, baita odolez osatutako plataformak sortzekoa ere; dena den, plataforma sortu ondoren ezingo dugu planeatu. Pixel art estetika koloretsuarekin zein girotze aproposa eskainiko dion soinu banda beldurgarriarekin, bilbotarrak retro abentura ederra prestatzen dabiltzala ikus daiteke.
Uztailean Gasteizen egindako Game.eus ekitaldian aurkeztu zuten bideojokoa; zorionez, taldearen itch.io orriaren bidez abentura probatzeko aukera daukagu.
Bukatzeko, hizkuntzari buruz hitz egin behar da: Darby Is Here Forever euskaraz argitaratzeko asmoa agertu du taldeak.
Oraingoz behin betiko abenturan jokatzeko itxaron egin beharko dugu, zoritxarrez. Gaua Gamesen lehen tituluak ez dauka argitaratze datarik. Bestalde, ordenagailuan argitaratuko da —Steam bertsioa aipatu dute egileek—, baina ez dute kontsoletarako bertsiorik zehaztu.
Iruzkinak