Orain arteko parte hartzerik handienarekin hainbat ezusteko ikusi ditugu emaitzetan. Askotariko kategoriatan banatu dira Game Erauntsia Sariak.
Urtero bezala, euskal bideojokozaleen komunitateak urteko titulurik apartenak hautatzeari ekin dio. Hori da, hain zuzen ere, Game Erauntsia Sariak ekimenarekin ezagutu nahi duguna: Euskal Herriko jokalariak liluratzea lortu duten bideojokoak.
Joan den urte bukaeran esan genuen modura, 2022a ikaragarrizkoa izan da zaletasun honen jarraitzaileentzat, hainbat eta hainbat maisulan jaso baititigu. Horrenbeste obra bikainekin, ez da lan erraza batekin geratzea; hori dela eta, zenbait kategoriatan banatu ditugu sariak.
Hala eta guztiz ere, nahiz eta kategoria batzuetan irabazle argia egon, lehia gogorrak ere ikusi ditugu: euskal bideojokozaleek denetariko iritziak izan dituzte, esate baterako, multijokalaririk onena, indie titulurik onena edo gailu mugikorretarako jokorik onena izendatzerako unean.
Ez hori bakarrik: orain arteko parte hartzerik handiena ikusi dugu azken GESarietan: 178 izan dira gure galdetegitik pasa direnak bozka emateko. Horren ondorioz, iritzi anitzagoak ere nabari izan ditugu kategoria desberdinetan.
Euskal Herriko garatzaileentzako tokia ere eduki dugu, zelan ez; izan ere, asko izan dira 2022an argitaratutako euskal bideojokoak. Gauza bera gertatu da itzulpenekin: euskaratutako titulurik gehien jaso genituen iaz. Garatzaileek zein zaleek egindako lokalizazio lan horiek aintzatesteko kategoria prestatu dugu, beraz.
Luzamendutan ibili gabe, goazen Game Erauntsia Sariak 2022ko irabazleak ezagutzera!
2022ko bideojokorik onena
Urte zailak igaro ondoren, 2022a izan da, zalantzarik gabe, garatzaile txiki nahiz handiek berriz erritmoa hartu eta hilabete luzez garatzen ibilitako lanak kaleratzeko unea. Aspalditik iragarritako —eta desiratutako— jokoak jasotzeko urtea izan da horregatik.
Ohi bezala, kategoria honetan era guztietako generoetako obrak bildu dira: God of War: Ragnarök edo Bayonetta 3 akziozko lanak, Elden Ring zein Pokémon Scarlet eta Violet bezalako rol abenturak nahiz Vampire Survivors-en estilioko ezustekoei esker jaiotako indie azpigenero interesgarriak aurki daitezke.
Kategoria honetan, hori bai, irabazle argia eduki dugu: FromSoftware estudio japoniarrak sortutako Elden Ring izan da euskal bideojokozaleentzat 2022ko bideojokorik apartena. Ez da harritzekoa, itxaropen guztiak gaindituta —eta ez dira ez txikiak izan— azken urteetako maisulanik bikainenetakoa eratzea lortu baitu Hidetaka Miyazaki garatzailearen taldeak.
Kratos eta Atreus aita semeek jarraitu diote argigabekoen jaunari; horien atzetik geratu dira, berriz, Nintendo-ren sakelako munstroen mundu irekiko abenturak. The Last of Us bikainaren berregitea, Vampire Survivors edo Sifu izan dira boto zaparrada jaso duten beste tituluetako batzuk.
- Elden Ring (70 boto)
- God of War: Ragnarök (36 boto)
- Pokémon Scarlet eta Violet (19 boto)
Gurea nabarmentzen
Aipatu dugun bezala, pasa den urtean euskal garatzaileak jo eta su ibili ziren beren proiektuak merkaturatzen. Bertoko tituluak ere denetariko generoak bereganatzera animatu dira: akzioa eta plataformak izan dira nagusi Euskal Herriko sortzaileen lanetan, baina erritmo jokoak, beldurrezko istorioak eta kirola ikusi ditugu.
Gehienak ordenagailuetara iritsi dira: DigiPen Europe Bilboko ikasleek prestatutako lanen kasua da, adibidez, baina baita Evil Nun: The Broken Mask, Maeiour eta Arima’s Shadow jokoena ere.
Kontsoletan, berriz, Rivalia: Dungeon Raiders —hau PC-an ere argitaratu da— eta Narona Sports argitaratu dira aurten euskal sortzaileen eskutik.
Proiektu benetan bereziak argitaratzera ere animatu dira: hori da Telegram mezularitza plataforma erabilita sortutako Adur – Azken Erronka-ren kasua. Gailu mugikorretan joka daiteke gainera, Barraka edo GrinGoRun tituluekin egin daitekeen modura.
Urteko jokorik onena hautatzea zaila bada, bertoko lanik onena aukeratzea are gehiago. Baina irabazle bakarra egon daiteke, eta DigiPeneko ikasleek osatutako Hangover Studios taldeak garatutako Han’yo-k lortu du garaikurra! Boto mordoa lortuta, argi dago samuraien abenturaren jarraitzaileek ez dutela beren joko kutuna saritzeko aukera galdu nahi izan. Zorionak!
Bigarren postuan arestian aipatutako Adur – Azken Erronka geratu da. Eneko Azedo sortzailearen doako lanak hainbat abenturazale bildu ditu Euskal Herria arriskuei aurre eginez zeharkatzeko. Brontzezko domina Ibai Aizpuruaren Barrakarentzat izan da: Durangoko Azokan kaleratutako puzzle jokoa ordenagailuetan nahiz mugikorretan goza daiteke.
Bukatzeko, garaipena lortu ez duten arren, nabarmentzekoa eta poztekoa da guk proposatutako euskal bideojoko guztiek gutxienez boto bana jaso dutela ikustea!
Euskal bideojokorik onena
- Han’yo (48 boto)
- Adur – Azken Erronka (38 boto)
- Barraka (20 boto)
Euskal Herriko sortzaileen lanez gain, euskaratzerik onenari eskainitako saria prestatu dugu beste behin. 32 izan dira 2022an argitaratutako lokalizazioak. Kasu batzuetan, garatzaileek ofizialki eskaini dute itzulpena bideojokoa merkaturatzerakoan; beste batzuetan, dagoeneko kaleratutako bideojokoen lokalizazioei buruz gabiltza.
Azpimarratu dugunez, inoiz baino lokalizazio gehien ikusi genituen iaz. Itzulpenen kalitateak ere gora egin zuela esan beharra dago, ordea! Amaiera Tragikoen Antzokia, Outer Wilds, Hollow Knight, Aragami 2, Veloren eta beste hainbat maisulanez euskaraz aritzea amets hutsa da.
Kasu honetan ere DigiPenekoen Han’yok lortu du garaipena. Ostean lehia bizia ikusi dugu, hori bai: Amaiera Tragikoen Antzokiak, Super Mario 64k, Adurrek, Outer Wildsek eta Hollow Knightek bigarren postuan egon gura zuten.
Euskaratzerik onena
- Han’yo (39 boto)
- Amaiera Tragikoen Antzokia (24 boto)
- Super Mario 64 (23 boto)
Garaikurrak guztientzat
Kategoria nagusiez gain, bestelako bideojokoei zuzendutako sariak ere eduki ditugu. Ez dugunez zerrenda amaigabea prestatu nahi izan, genero nagusietako adierazleak batu ditugu 2022ko Game Erauntsia Sarietan.
Bukatzeko, aurten zein etorkizunean hurbilean gehien espero duzuen bideojokoa ezagutzeko desiratzen ibili gara; egia esan, 2023an titulu benetan interesgarriak jasoko ditugu, beraz irrika hori komunitatearekin partekatzeko aukera aproposa izan da. Hor doaz irabazleak!
Akzio eta abenturazko jokorik onena
- God of War: Ragnarök (79 boto)
- Horizon Forbidden West (27 boto)
- Sifu (23 boto)
Rol jokorik onena
- Elden Ring (88 boto)
- Pokémon Scarlet eta Violet (22 boto)
- Xenoblade Chronicles 3 (19 boto)
Indie jokorik onena
- Vampire Survivors (35 boto)
- Sifu (31 boto)
- Stray (30 boto)
Multijokalari onena
- Splatoon 3 (41 boto)
- Elden Ring / Call of Duty Modern Warfare II (36 boto)
- Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge (26 boto)
Gailu mugikorretarako jokorik onena
- Vampire Survivors (48 boto)
- Marvel Snap (39 boto)
- Apex Legends Mobile (35 boto)
Gehien espero duzun jokoa
- The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom (65 boto)
- Hogwarts Legacy (30 boto)
- Hollow Knight: Silksong (28 boto)
Hau guztia esanda, eskerrik asko benetan bozketan parte hartzera animatu zareten guztioi. Pozez txoratzen gaude sariek izandako harreman onagatik! 2023an bideojokoen gaurkotasunaren berri ematen jarraitzea da Game Erauntsiaren asmoa; zelan ez, euskal garatzaileen zein euskaratutako bideojokoetan sakonduz.
Bukatzeko, zozketaren irabazleak ere aipatu behar ditugu! 20 euroko bi opari txartel zozkatu ditugu aurten: Aitziber eta BramosElorza partaideek eraman dituzte. Laster jarriko gara zuokin harremanetan nahi duzuen plataformarako txartela zehazteko.
Bitartean, gogoratu: webgunean Game Erauntsiaren zein bideojokoen munduko albisterik garrantzitsuenak argitaratzen ditugu, baina komunitatean parte hartzeko Telegram edo Discord taldeetara batu zaitezkete, besteak beste. Bideojokoez euskaraz gozatzeko lekurik aproposenak dira; beraz, zaletasun hau beste lagun batzuekin partekatu nahi baduzu, anima zaitez!
Iruzkinak