Shinji Mikami zuzendariaren lan berriaren argitaratze data filtratu da PS Store-an. Sony-ren belaunaldi berriko kontsolako eta PC-ko esklusiboa izango da.
Bethesda-ren etorkizuneko bideo-jokoetatik ahaztuena izaten ari da Ghostwire Tokyo. Akziozko obra honi buruzko berri gutxi jasotzen dabiltza jarraitzaileak; azkena, oraindik ofiziala ez den arren, PlayStationek nahi gabe zabaldutakoa da: martxoaren 25ean estreinatuko dute Tango Gameworks-ekoek beren lana.
PlayStation Store Saltokian agertu da kaleratze data; Zeelanda Berriko bertsioan ikus zitekeen eguna, baina dagoeneko ezabatu dute bertatik. Oraingoz arduradunek baieztatzea geratzen da: Shinji Mikami da proiektuaren zuzendaria, Resident Evil sagaren sortzailea, hain zuzen ere.
Pasa den uztailean entzun zen azkenekoz bideo-jokoaren izena, baina berri txarrekin: berandutzeko erabakia hartu zuten garatzaileek. Aurretik, Ikumi Nakamura zuzendariak garapena bertan behera utzi zuen, gainera.
Esklusibotasun gaiak ere aipatu beharrekoak dira; izan ere, Xbox-ek Bethesda erosi zuen arren, aurretik PlayStationekin zuten esklusibotasun akordioa beteko dute eta PlayStation 5ean nahiz PCan kaleratuko da soilik. Gauza bera gertatu zen Arkane Studios-en Deathloop-ekin: aipatutako bi plataformetan bakarrik joka daiteke, momentuz behintzat.
Guzti hori alboratuta, Ghostwire Tokyori buruz ezer gutxi zehaztu dutela nabarmendu beharra dago. Jostagarritasun bideo pare bat kenduta, arduradunek ez dute xehetasun askorik eman prestatzen dabiltzan bideo-jokoaren inguruan. Hortaz, argitaratze data zehazten bada trailer eta ekimen jarioa aurreikusten da.
Ghostwire Tokyo PlayStation 5ean eta PCan estreinatuko da.
Iruzkinak