6.837 bideojoko eratu dituzte 48 orduko epemugan. Ibai Aizpurua garatzaile euskalduna egon da partaideen artean.
Mark Brown eduki sortzaile eta garatzaileak GMTK Game Jam ekimen ospetsua abiatu zein burutu du beste behin. Game Maker’s Toolkit YouTube kateko arduradunaren ekitaldiak 23.000 bideojoko sortzaile bildu ditu 2023ko edizioan.
Diseinatzaileak, artistak, programatzaileak eta bestelako alorretan hasiberriak nahiz adituak Game Jam digitalean etxetik parte hartzen aritu dira irailaren 7tik 9ra bitartean: 48 orduko epea eduki dute beren proiektuak abiatzeko eta argitaratzeko.
Bakarka zein taldeka sortzeko aukera eskaini du Brownek; gainera, aurretik hasitako proiektuak bukatzeko aukera egon da. Baldintza bakarra adimen artifizialean egon da: ezin izan dira AA bidez sortutako baliabideak erabili. Bai, ordea, legalki eskuratutako kanpoko arte zein soinu bitartekoak.
Horrenbeste sortzailerekin orain arteko marka guztiak haustea lortu dute: 6.837 bideojoko garatu dituzte Itch.io webgunean bereziki prestatutako atalean, plataforman inoiz gauzatutako Game Jamik handienean bihurtuz.
Game Jametan egin ohi den modura, Brownek gai nagusia proposatu du: alderantzizkatutako rolak (roles reversed). “Normalean kontrolatzen ez ditugun pertsonaiekin jokatzea ahalbidetzen diguten tituluak ikusi nahi nituen”, aipatu du GMTKren arduradunak bere azken bideoan: “Armadurarekin jantzita doan zaldun gihartsua kontrolatu ordez, zer gertatuko litzateke arerioen eskeleto armadaren rola beteko bagenu?”.
Denetariko generoak lantzen dituzten obrak aurkeztu dira ekimenean: estrategia, tower defense, akzioa, puzzleak, lasterketak eta gehiago joka daitezke, baita Snake klasikoaren ideiari buelta ematen diotenak ere.
Publikoak gustukoenak edo interesgarrienak bozkatzeko aukera izan du; ondoren, lehenengo 100 postuetan geratu diren proposamenak probatu ditu Brownek, eta 20 onenak hautatu: Versus Snake, Ragdolf, Uvsu, Descriptionary, Get Packin zein Making the Game lanak daude horien artean.
Hautaketan hiru irizpide baloratu dira: aurkezpena, originaltasuna eta jostaketa. Hiruren batez bestekoarekin puntuazio orokorra zehaztu da.
Euskal partaidetza
Proposamenen artean euskal garatzaileak ere egon dira: Ibai Aizpurua, kasurako. Zomorro Studioren sortzaileak Ihes deitutako tower defense erako obra aurkeztu du; “anti isilpe” jokoa dela dio sortzaileak. Presoek espetxetik ihes egitea ekidin beharko dugu euren ibilbidean oztopoak ezarrita.
Ez da Aizpuruak Brownen ekimenean parte hartzen duen lehen aldia; adibidez, 2021eko GMTK Game Jamean Arroxa dibertigarria aurkeztu zuen, 60. postuan geratuz.
Aizpuruak ere Game Jameko proposamenetan jokatzeko aprobetxatu du, noski, eta interesgarrienak partekatu ditu Game Erauntsiarekin. Hor doa bere probatu beharreko jokoen zerrenda:
- One Man Shows
- Devs vs Dummies
- On The Same Ship
- Reverse Maze
- Teach Me! Mr Punching Bag
- Secret Cardword
- NotPlayer
- Underlevel
- Lets Jam!
Ihes eta GMTK Game Jam 2023an aurkeztu diren bideojoko guztiak Itch.io webgunean aurki daitezke, esan bezala: bilatzaile aurreratua erabil dezakegu onenak iragazteko. Zenbait joko nabigatzailean jokatzeko aukera dago, eta gainerakoak doan jaitsi daitezke ordenagailuan abiarazteko.
Iruzkinak